Gizartea -
Emakunde
Adikzioak dituzten emakumeak estigma sozialen beldur dira tratamendua jasotzerakoan
Ikerketa baten arabera, laguntzarik jaso ez dutenen artean, gehienek zigor soziala saihesteko erabaki zuten tratamenduetara ez jotzea.
agentziak | eitb media
Alkoholaren, drogen edo psikofarmakoen mendekotasuna duten emakumeek atzeratu egiten dute tratamendua jasotzeko erabakia "lotsagatik" eta "estigma sozialen beldur" direlako. Gainera, tratamendua jasotzeko erabakia hartzen dutenean, ezkutatu egiten dute, jendearen errefusa jaso dezaketela uste dutelako.
Horiek dira "Aurkitzen al dute emakumeek oztoporik adikzioak tratatzeko baliabideetan sartzeko eta mantentzeko? Egungo egoeraren azterketa" ikerketaren emaitzetako batzuk. Emakundek diruz lagundutako proiektuaren emaitza da ikerketa.
Nagore Orozek, Yolanda Cerverok eta Iosu Martinezek egindako ikerketa gaur aurkeztu dute, eta Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak azpimarratu du oso garrantzitsua izango dela "ezkutuko errealitate hori ikusarazteko" eta emakumeek tratamendua ahal bezain laster har dezaten.
Ikerketan agertzen denez, tratamenduetara jotzen ez duten "emakumeen % 100ak lotsagatik" egiten dute, eta horregatik ezkutatzen dute mendekotasuna dutela gertukoen aurrean.
Tratamendua jasotzeko prozesua atzeratzen duten beste elementu batzuen artean daude baliabideen berri ez izatea, "imajinario kolektiboan" emakumeek horrelako arazorik ez izatea eta "kontsumoaren normalizazioa".
Azkenean pausoa ematen duten emakumeak "hobeto sentitzen" dira, osasunean hobera egin dutela nabari dutelako eta abstinentziari eusteko gai direlako. Baina arazoak dituzte familian babesik ez dutelako, "inork laguntzarik ez" dielako ematen haurrak edo nagusiak zaintzeko, eta azkenean "beste pertsona batzuen zaintza lehenesten dute euren buruaren aurretik".
Gainera, tratamenduan "matxismo asko" aurkitzen omen dute, laguntza profesionala jasotzen dutenen % 85 gizonezkoak direlako. "Horrek ez du laguntzen", zeren "gizonen interesak nagusitzen dira" eta feminismoa atzean uzten da (amatasuna, sexualitatea, kulpa sentimendua eta elikadura nahasmendua), ikerketaren arabera.
Gainera, "tratu txar instituzionala" aipatu dute ikerlariek, baliabideen arteko koordinazio ezari erreferentzia eginez.
Gipuzkoako 127 emakume eta hiru lurraldeetako profesionalak elkarrizketatu ostean, ikerlariek hainbat proposamen egin dituzte, tartean prebentzioa lantzea gazteen artean, baliabideak iragartzea eta "genero ikuspegia" txertatzea.
Telefonoz erantzun "beroa" ematea, soilik emakumeek osatutako taldeak antolatzea, zaintza zerbitzua eskaintzea eta familien inplikazioa bilatzea dira beste proposamenetako batzuk.