Gizartea -

KORONABIRUSA

Euskadik 418 positibo izan ditu eta ospitaleko presioak bere horretan jarraitzen du

500 kasutik behera zenbatu dituzte EAEn bigarren egunez jarraian, baina positibotasun tasa zazpi hamarren igo da egun bakarrean, % 5,5eraino.

Osasun-langileak zainketa intentsiboetan gaixo larri bat artatzen. Argazkia: EFE.
Osasun-langileak zainketa intentsiboetan gaixo larri bat artatzen
Beheranzko joerari eusten dio Euskadik

1:16

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiak beheranzko joerari eutsi dio Euskadin, 418 positibo berri atzeman baititu azken orduetan (aurreko egunean baino bost gutxiago), nahiz eta positibotasun tasa % 4,8tik % 5,5era igo den. Ospitaleko presioa ez da arindu, 170 paziente oso larri baitaude.

Bigarren egunez jarraian, halaber, Euskadin intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 kasutik behera dago 14 egunetan, eta, beraz, eremu gorritik kanpo dago. Larunbatean atera zen bertatik, eta atzo, igandea, 470,8 kasu zenbatu zituen bertan.

Bizkaia da gorri jarraitzen duen lurralde historiko bakarra, baina bertatik ateratzeko zorian dago, 504 kasuko tasarekin, asteburuan 35 puntu jaitsi ostean. Gipuzkoa da bilakaerarik onena izan duen lurraldea, 414,3ko intzidentzia metatuarekin, hau da, ostiralean baino 51 puntu gutxiagorekin. Arabako tasa 438,8 puntukoa da, 47 puntu gutxiago.

Egoera hori hiriburuetan islatzen da: tasek 70 eta 88 puntu artean egin dute behera asteburuan, eta 373,9 puntutan geratu dira Donostian, egoera onenean dagoen hirian; 465,9 puntutan Gasteizen, eremu gorritik aterata; eta 564,8 puntutan Bilbon, oraindik birusaren transmisio handiko eremu hori utzi ez duen hiriburu bakarrean.

5.000 biztanletik gorako udalerrien artean, Bizkaian, Abadiño, Balmaseda, Basauri, Berango, Bermeo, Derio, Getxo, Gorliz, Gueñes, Leioa, Santurtzi eta Sopela eremu gorrian daude, azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500etik gorakoa baitute. Gipuzkoan, egoera berean daude Astigarraga, Bergara, Elgoibar, Irun, Lasarte-Oria, Legazpi, Lezo eta Onati.

Zure interesekoa izan daiteke baita ere: Gasteiz eta Araba ere, gune gorritik kanpo

Osasun Sailak buletin epidemiologikoa argitaratu du ostiral, larunbat eta igandeko datuekin. Azken egun horretan, 7.550 test diagnostiko egin zituzten, eta 270 kasu aurkitu zituzten Bizkaian, 51 Araban eta 91 Gipuzkoan. Gainera, ohiko bizilekua Euskaditik kanpo zuten sei pertsonak eman zuten positibo.

Oinarrizko ugalketa-kopurua, covid-19a duen gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, 0,8koa da bigarren egunez jarraian (duela bi egun 0,79 zen). Adierazle hori, metatutako intzidentzia-tasarekin eta zainketa intentsiboetako okupazioarekin batera, pandemiaren hedapenaren kontrol-maila zehazten dutenetako bat da.

Atzo, igandea, ospitaleko presioak gora egin zuen apur bat larunbateko datuekin alderatuta, 644 gaixo baitzeuden ospitaleratuta, bezperan baino zortzi gehiago. Ospitaleratze berriak 31tik 38ra igo dira, eta gela arruntetan dauden pertsonak 462tik 474ra.

Egoera larriena dutenez zainketa intentsiboen unitateetan ospitaleratuta dauden pazienteen kopurua egonkor mantendu da 170ean, hirugarren egunez jarraian.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan ez da positiborik izan azken orduetan, ezta hildakorik ere, Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Hortaz, une honetan zortzi pertsona daude koronabirusarekin kutsatuta, eta horietako zazpi Eibarko ospitalean eta Ordiziako San Jose zentroan ingresatuta daude.

Pandemiaren bigarren olatua abuztuan hasi zenetik, 154 egoiliar hil eta 668 sendatu dira.

Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek ez dituzte beren zahar-etxeetako datuak eguneratu.

Hezkuntza Sailak ez ditu astelehen honetan EAEko ikastetxeetako koronabirusaren bilakaeraren datuak eguneratu, inauteriak direla eta jaieguna baitute.

Foru Erkidegoko egoera

Nafarroak 48 kutsatze berri atzeman ditu igande honetan, uztailaren 30etik izandako kopururik txikiena, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.

Bestalde, Espainiako Osasun Ministerioak esan du hirugarren olatuak beheraka jarraitzen duela eta orain intzidentzia-tasa metatua 416 kasukoa dela 100.000 biztanleko. Hala ere, zuhurtzia eskatu du eta neurri murriztaileak mantentzea ezinbestekotzat jo du, “egoera oraindik oso txarra delako”.

Fernando Simon Osasun Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak zehaztu duenez, astelehen honetan 30.251 positibo berri detektatu dituzte, eta ostiraletik 702 pertsona gehiago izan dira. Azken zazpi egunetan 1.230 heriotza izan dira Estatuan, 200 egunean.

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak