Gizartea -
Gipuzkoa
Aralarko pistako lanen aurka Eguzkik eta Landarlanek jarritako salaketa, artxibatuta
Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak nabarmendu du ebazpenak argi utzi duela bere departamenduak araudia errespetatu zuela.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Eguzkik eta Landarlanek Aralarko lanen aurka jarritako salaketa artxibatzea ebatzi du Tolosako Instrukzioko epaitegiak. Hain zuzen ere, Aralarko pistatik Saltarriraino doan bideari dagokion proiektuaren aurka jo zuten talde ekologista horiek. Zehazki, Intzansaoko eta Goroskintxuko kortatik txaboletara dauden sarbideak konpontzeko lanak zituzten jomugan. Lan horien helburua omen zen inguru horretako artzainen lan baldintzak hobetzea.
Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak nabarmendu du ebazpenak argi utzi duela bere departamenduak araudia errespetatu zuela.
Salaketa, baina, Arantxa Ariztimuño Mendi eta Ingurumen departamentuko zuzendariaren, Jose Felix Asensio Ingurumen errektore ohiaren eta Jose Miguel Santamaria Enirio-Aralar Mankomunitateko presidentearen kontra jarri zuten.
Larrañagak nabarmendu du pista horiek beharrezkoak zirela Aralar inguruan lan egin edo bizi diren pertsonen baldintzak hobetzeko, eta haiek urteetan zehar egindako eskariari erantzunez abiatu zutela proiektua.
Halaber, argitu du sarbideak, hornikuntza edo txabolak hobetzeko helburuarekin diseinatutako konponketa guztiak egingo dituela Gipuzkoako Foru Aldundiak, baldin eta bere esku badaude.
Aldundia pozik agertu da erabakiarekin
Tolosako epaitegiaren erabakiari buruz mintzatu da Foru Aldundia, Eguzkik eta Landarlanek ezarritako salaketa atzera bota duela jakin ostean.
Ildo horretan, Jabier Larrañagak azpimarratu du "irmoa" dela ebazpena, eta argi geratu dela aurreko legealdian "betebehar legal guztiak eta ingurumena babesteko indarrean dauden arau denak" bete zituztela.