Gizartea -
Gertakaria
Kartzelara bidali dute Gasteizen 18 urteko gazte bat labankadaz hil zuen gizona
Biktima ustezko hiltzailearen bikote ohiaren mutil laguna zen. Epaileak espetxean sartzea erabaki du.
EITB Media | Agentziak
Espetxera bidali dute asteazkenean Gasteizen atxilotutako 27 urteko gizona, Segurtasun sailak esan duenez, 18 urteko gazte baten hilketaren ustezko egile bezala.
Asteazkenean, Ertzaintzak 19:30etan atxilo hartu zuen gizona, ordu batzuk lehenago Arabako hiriburuko Flandria kalean 18 urteko gaztea ustez hiltzeagatik.
Zauritua Txagorritxuko ospitalera eraman zuten, eta gutxi barru hil zen, labanaz egin zizkioten zaurien ondorioz. Ertzaintzaren ikerketaren ostean, lekukoek emandako informazioetan oinarrituta, erasoaren ustezko egilea identifikatu eta atxilotu zuten.
Gizona polizia etxean egon da, eta gaur epailearen aurrean igaro da. Epaileak kartzelara bidaltzeko erabakia hartu du.