Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek emaztea hil du Sestaon
Ustezko hiltzaileak bere buruaz beste egin du ondoren. Sestaoko Udalak eta Mugimendu feministak mobilizazioak deitu dituzte larunbaterako.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
56 urteko emakume bat hil dute ostiral honetan Sestaon, etxean, eta senarra (57) itsasadarrean itota hilda topatu dute. Horrenbestez, Ertzaintzak uste du krimen matxista izan dela gertatutakoa, hots, gizonak emaztea hil duela, eta ondoren bere buruaz beste egin duela.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizonaren gorpua 09:00ak aldera topatu dute itsasadarrean, Benedikta kaiaren parean. 09:30ean atera dute uretatik hilotza.
Ondoren, 13:00ak inguru, agenteak gizonaren etxera joan dira, familiari gertatukoaren berri emateko, eta emaztea hilda topatu dute, indarkeria zantzuekin.
Bizilagunek EFE agentziari azaldutakoaren arabera, senar-emazteak bakarrik bizi ziren, eta bi seme-alaba eta biloba bat zituzten.
Seme-alabak gurasoen etxebizitzara bertaratu dira eta atarian egon dira, senideek eta Gurutze Gorriko langileek babestuta.
Gertatutakoa hilketa matxista izan dela baieztatuko balitz, aurten Euskal Herrian gertutako bigarren izango litzateke. Joan den urtarrilaren 2an, Aintzane Pujana donostiarra hil zuten Aizarnazabalen.
Mobilizazioak eta gaitzepenak
Sestaoko Udalak krimena gaitzesteko elkarretaratzea deitu du larunbat eguerdirako Kasko plazan, eta deialdiarekin bat egin dute Bizkaiko Foru Aldundiak, Emakundek eta Eudelek.
Mugimendu Feministak, berriz, manifestazioa antolatu du arratsaldeko 18:00etarako toki beretik abiatuta.
Erakundeek "irmotasunez" gaitzetsi dute hilketa eta beraien "babesa, elkartasuna eta maitasuna" helarazi dizkiete biktimaren senideei eta lagunei. Halaber, mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatu diete herritarrei.
Emakundek esan du indarkeria matxista "emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunaren adierazpenik bortitzena" dela, "gizonen eta emakumeen arteok harreman nagusitasunean eta ezberdintasunean oinarrituta dagoena".
"Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte librea eraikitzeko herritarrek jarrera aktiboa izatea ezinbestekoa da", erantsi du ohar batean.
Eudelek azpimarratu du arazo honen aurrean gazteak sentsibilizatzea oso garrantzitsua dela, "etorkizuna ordezkatzen dutelako".
Bizkaiko Foru Aldundiak esan du genero indarkeria ez dela erasoak sufritzen dituzten pertsonei soilik eragiten dien "arazo pribatua": "Ezberdintasunaren adierazgarri larriena da eta, ondorioz, gizarte osoaren arazoa da".
Idoia Mendia lehendakariordeak, berriz, ondoko mezua idatzi du Twitter sare sozialean: "Sestaoko emakumearen hilketaren aurrean irmotasunez erantzun behar dugu. Pandemiak ezin du galarazi horrelako gertakari injustu eta mingarri batean aurrean erantzutea. Genero indarkeriaren kontrako borrokan gure konpromisoari eutsi behar diogu".
___________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.