Gizartea -
KORONABIRUSA
Aldaketarik ez, EAEko ostalaritzari eragiten dioten murrizketetan
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eremu gorrian dauden taberna eta jatetxeak irekitzeko baimena eman ostean, ostalaritzari eragiten dioten neurriak bere horretan mantentzea erabaki du LABIk.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
LABIren Aholku Batzordeak Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden neurriak berrikusi ditu gaurko bileran, eta ostalaritzari dagozkion murrizketak bere horretan mantentzea erabaki du. Beraz, 100.000 biztanleko 500 positibo baino gehiago dituzten herrietan ere tabernak eta jatetxeak zabaldu ahalko dira aurrerantzean ere.
Aste honetan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eremu gorrian dauden taberna eta jatetxeak irekitzeko baimena eman ostean, ostalari asko eta asko LABIren erabakiaren zain zeuden. Ostalaritzari dagokionez, ordea, ez da aldaketarik izan.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin zuen ostalariek jarritako helegitea, eta eremu gorrian dauden taberna eta jatetxeak berriro zabaltzeko baimena eman zuen, behin-behinean eta auziaren muina aztertu bitartean.
Dena dela, ostalariek hainbat neurri bete beharko dituzte ateak ireki ahal izateko: 20:00etatik 06:00etara ixtea, barruan % 50eko edukiera ez gainditzea edo mahai berean lau pertsona baino gehiago ez elkartzea.
Hauek dira ostalaritzako murrizketak, EAEn:
- Edukiera % 50ekoa izatea
- Mahai ezberdinetan dauden pertsonen artean gutxienez metro eta erdiko tartea uztea
- Mahai bakoitzean gehienez 4 pertsona batu ahal dira
- Debekatuta dago zutik edo barran kontsumitzea
- Lokalak 20:00etarako egon behar dira itxita, eta ezin dira zabaldu 06:00ak baino lehen
- Eskariak entregatzeko epea 21:00ak arte izango da, eta etxean banaketa egitekoa, aldiz, 22:00ak arte
- Musukoa derrigorrezkoa da uneoro, edateko edo jateko unean bertan izan ezik.
Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak esan du Euskadi dela "laguntza gehien" ematen dituen erkidegoa, covid-19aren pandemiari aurre egiteko ezarritako neurri murriztaileek kaltetutako sektore guztiei, eta ostalaritzarako ezarrita dauden neurrien "osagarriak" aztertzen ari direla gaineratu du.
Lehendakariak adierazi duenez, badakite hartzen dituzten neurriek eragin "negatiboa" dutela hainbat sektore ekonomikotan, kiroletan, kulturan eta beste hainbat arlotan. Gainera, hori dela eta, "era guztietako laguntzak" eskaintzen dituztela adierazi du, eta Euskadi da kaltetutako sektore guztiei "laguntza gehien" ematen ari den erkidegoa.
Iñigo Urkulluk zehaztu duenez, atzo hainbat sektoretan neurri murriztaileak izaten ari diren "eragina" jasotzen duten Aurrekontuak onartu zituzten.