Gizartea -

KORONABIRUSA

LABI teknikoak pandemiaren bilakaera aztertu eta balizko neurriak proposatuko ditu

Auzitegiak eremu gorrian dauden taberna eta jatetxeak irekitzeko baimena eman ostean, ikusteko dago, LABI teknikoaren proposamena jasota, LABIren Aholku Batzordeak zer erabakitzen duen ostiralean.

LABI teknikoaren bilera. Artxiboko argazkia: Irekia
LABI teknikoaren bilera
LABI teknikoaren bilera. Artxiboko argazkia: Irekia

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eremu gorrian dauden udalerrietako tabernak eta jatetxeak zabaltzeko baimena eman ondotik, gaur bilera egingo du LABIren Batzorde Teknikoak. LABI teknikoak pandemiaren bilakaera aztertuko du, ondoren, LABIren Aholku Batzordeari proposamena igortzeko. LABI teknikoaren proposamena jasotakoan, bihar goizean, 09:00etan, batzarra egingo du LABIren Aholku Batzordeak. 

LABIren Aholku Batzordearen bileraren osteko prentsaurrekoa zuzenean jarraitu ahalko da eitb.eus-en.

Ostalari batzuek beren taberna edo jatetxeak zabaldu dituzte, baina beste batzuek, berriz, bihar Eusko Jaurlaritzak hartzen duen erabakiaren zain egotea erabaki dute.

Dena dela, bilera horien atarian, Eusko Jaurlaritzak iradoki du litekeena dela murrizketak bere horretan uztea. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, egun indarrean dauden neurriak murriztaileak dira dagoeneko. Ildo horretan, mezua bidali die herritarrei. Horren esanetan, murrizketen helburua ez da sektore bat bera ere izorratzea.

Eusko Jaurlaritzaren azken dekretuaren espiritua mantentzen dela azpimarratu zuen atzo Bingen Zupiriak, eta ostalaritzari eragiten dioten neurriak gogorarazi zituen.

Ostiraleko LABI politikoak neurri guztiak berrikusiko ditu, ez bakarrik ostalaritzari dagozkionak. Ostalaritza alde batera utzita, eskola kirolaren eta mugikortasunaren inguruan erabaki dezakeenak piztu du arreta.

LABIren hurrengo bileran neurri zorrotzagoak hartu behar ez izatea espero duela adierazi zuen Iñigo Urkullu lehendakariak iragan astean.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiak eztabaida piztu du

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiak hautsak harrotu ditu. Albistea ezagutu zen egun berean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "bereziki larritzat" jo zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak osasun kontuak baloratzea.

Zupiriak esandakoaren ildo beretik mintzatu zen Gotzone Sagardui Osasun sailburua ere. Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian esan zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren autoak ahuldu egiten dituela Eusko Jaurlaritzak osasuna zaintzeko dituen tresnak.

Ostalaritzaren sektorea, berriz, pozik agertu zen ebazpenarekin.

Adituek, bestalde, uste dute ez dela ostalaritza irekitzeko garaia.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Lehendakaria Eusko Jaurlaritza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Jatetxeak albisteak gaur Ostalaritza Euskadin Koronabirusa olatu berria LABI gaur EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketak