Gizartea -
Koronabirusa
Inauteriengatik kezkatuta, udalak ardura eta zuhurtzia eskatzen ari dira
Tolosako udal-gobernuak, adibidez, bideo bat argitaratu du inauteriak bertan behera geratu direla gogoratuz eta herritarrei segurtasun-neurriak betetzeko eskatuz.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Euskal Herriko udal ezberdinek informazio-kanpainak abiatu dituzte, koronabirusaren pandemiak eragindako larrialdi-egoeraren ondorioz aurten inauteriak ospatu ezin direla gogoratuz eta herritarrei segurtasun-neurriak zorrotz bete ditzatela eskatuz.
Tolosako Udalak joan den astean iragarri zuen inauteriak bertan behera uzteko erabakia eta gaur bideo bat argitaratu du neurri murriztaileak betetzearen garrantzia azpimarratuz.
"Birusak pertsona asko eraman ditu, jarduera ekonomikoari kalte egin dio eta gure ohiturak aldatu ditu. Egunero saiatzen gara aurrera egiten, gure eta guztion osasuna bermatzeko, eta horregatik aurten ezinezkoa izango da inauteriak ospatzea, denok zuhurtziaz eta arduraz jokatzen jarraitu behar dugulako", aipatzen da bideoan.
Elkar zaintzeko eta babeste deia egiten du, "ondorioak larriak" izan daitezkeela ohartarazita. Alabaina, itxaropenerako mezu bat ere igortzen du: "Etorriko dira garai hobeak eta elkarrekin ospatuko ditugu 2022ko inauteriak".
Ertzaintzaren kontrolak Mundakan
Bestalde, Mikel Bilbao Mundakako alkateak jakinarazi du inauteriak bertan behera utzi dituztela eta Ertzaintzak kontrolak jarriko dituela udalerrian kanpoko inor sar ez dadin.
Ohar bidez, alkateak azpimarratu du erabakia herriko elkarte eta eragile kultural guztiekin batera adostu dutela eta herritarrei jai alternatiborik ez antolatzeko dei egin die.
"Osasun egoera honetan ezinezkoa da lagunartean bazkariak egitea edo kaleetan desfile jendetsuak antolatzea", gogoratu du.
Bizkaiko beste hainbat udalerrik ere bertan behera utzi dituzte inauteriak, tartean Lekeitiok eta Ondarroak.