Gizartea -
KORONABIRUSA
Osasun adituek terrazetan erretzea debekatzeko eskatu diote ostalaritzari
Medikuek, erizainek eta farmazialariek adierazi dutenez, bi metroko arauak ez du funtzionatzen eta segurtasun neurriak mantentzeko "modu bakarra" ez erretzea da.
N.B. | EITB MEDIA
Hego Euskal Herriko Medikuntza, Erizaintza eta Farmazia elkarteek eta Medikuen eta Dentisten Elkargoen Euskal Kontseiluek terrazetan erretzea debekatzeko eskatu diote ostalaritzari, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiaren ostean. Horretarako, erretzea debekatzen duten errotuluak jartzeko eskatu diote ostalaritzari.
Ohar batean, Eusko Jaurlaritzari eta ostalaritzari eskatu diete tabernak eta jatetxeak "kerik gabeko guneak" bihurtzea, premiazkoa baita covid-19aren aurkako neurri gisa.
Azaldu dutenez, bi metroko arauak ez du balio eta ez dago beste neurririk pertsona bat maskara gabe eta erretzen kutsatzea saihesteko, "hori eragozteko modu bakarra ez erretzea delako".
"Eta hori lortzen da soilik herritar erretzaileek eta erretzaile ez direnek horretarako konpromisoa hartzen badugu errotuluen bidez erraz eta argi ikusteko moduko arau baten bidez, argi uzteko terrazak kerik gabeko guneak izan behar direla beti, osasun publikorako eta ostalarien lan-osasunerako eskubidea bermatzeko", gaineratu dute.
Elkarte zientifiko horiek gogorarazi dutenez, neurria sei autonomia-erkidegotan dago indarrean jada: Kantabrian, Balear Uharteetan, Kanarietan, Aragoin, Valentzian eta Asturiasen. "Aerosolek ez dute bi metroko distantziarik ulertzen", gaineratu dute.