Gizartea -

Hondakinen kudeaketa

Tapia: "Zubietako erraustegian zeuden arazo guztiak konpondu dira"

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak nabarmendu du plantak beharrezko dituen "baimen guztiak" dituela.

Tapia, gaurko agerraldian. Argazkia: Irekia
Arantxa Tapia.
Tapia, gaurko agerraldian. Argazkia: Irekia

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak nabarmendu duenez, Zubietako balorizazio energetikorako plantak "baimen guztiak" ditu, eta transformadorean izandako "arazo guztiak konpondu dira". "Azpiegitura martxan dago", erantsi du. 

Tapiak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Jasangarritasun, Ingurumen eta Ingurune Naturalaren Batzordean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IU  taldeek eskatuta.

Sailburuaren esanetan, Zubietako azpiegiturak hainbat eraikin eta solairu ditu, eta horren arabera, bide administratibo "ezberdinak".

Hala, "baimen guztiak emanda daude, eta egondako arazo guztiak konpondu dira". Horren harira, aipatu du transformadoreak matxura izan zuela irailean, eta Alemaniara eraman behar izan zutela konpontzera. Tarte honetan, behin-behineko azpiegitura bat egon da lanean, baina behin transformadorea konponduta, hura instalatu eta jardunean dago jada.

Halaber, Ingurumen arduradunak azaldu du erraustegiak dagozkion ingurumen baimen guztiak eskuratu dituela, baita hondakinen balorizazio energetikoa egiteko behar zituenak ere. Otsailaren 1ean lortu zituen, Tapiak zehaztu duenez.

"Azpiegituraren tratamendu administratiboari dagokionez, liberalizatuta dago, beraz, egoera administratiboa eta funtzionamendua dagokion titularraren erantzukizunaren baitan dago", argitu du.

Era berean, sailburuak azaldu du Jaurlaritzak bi espediente zigortzaile zabaldu dizkiola erraustegiari, "konpondu ezean, isuna jartzeko ohartarazpenarekin". Bi kausetan, arazoak konpondu dira eta auziak artxibatu.

Zure interesekoa izan daiteke: Hondakinen kudeaketaren auzia, konpontzeke

Oposizioa, kritiko

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU taldeko legebiltzarkideak "baimenen inguruko gardentasun eta kontrol falta" salatu du. Mikel Otero EH Bilduko kidearen aburuz, bestalde, badirudi administrazioak "ebazpen larregi hartu dituela epeak gainera zetozkiolako".

Jaurlaritza osatzen duten bi alderdietako ordezkariek, ordea, Sailaren kudeaketa defendatu dute. María Eugenia Agirrezabalaga EAJren batzarkideak esan du gai honetan "beharrezkoa ez zen alarma sozial sortu nahi izan dela, erakundeak higatzeko". Bestalde, PSE-EEko ordezkariak nabarmendu duenez, epaitegietan aurkeztu diren 20 helegiteetatik "den denak atzera bota dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Alderdi politikoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena