Gizartea -

Koronabirusa

AstraZenecaren dosiekin zertxobait bizkortuko da txertaketa erritmoa

Hiru dira dagoeneko gure artean dauden txertoak, igandean Ipar Euskal Herrian onartu den azkena jartzen hasi direnetik. Txerto berriak onartuta immunizazio erritmoa azkartuko da.

AstraZenecaren txertoa. Argazkia: EFE
AstraZenecaren txertoa.
AstraZenecaren txertoa. Argazkia: EFE

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oxfordek eta AstraZenecak garatutako txertoaren dosiekin hiru dira dagoeneko Euskal Herrian jartzen ari direnak. Txertaketa prozesuan aurrerapausoa da, eta hurrengo hilabeteetan, txerto berriak onartzearekin batera, immunizazio erritmoa azkartzea espero da.

Astelehenero 15.600 eta 5.850 dosi heltzen dira Euskal Autonomia Erkidegora eta Nafarroako Foru Erkidegora, hurrenez hurren. Geldialdiaren ostean, bidalketek hasiera bateko erritmoari heldu diote berriro.

Espainiara AstraZenecaren 196.800 dosi heldu dira lehenengo aldiz, eta gaur erkidego autonomoei banatuko zaizkie. Oraindik ez dakigu zenbat iritsiko diren EAEra eta Nafarroara. Ipar Euskal Herrira larunbatean heldu ziren enpresa farmazeutiko horren 1.600 txerto, eta 50 urtetik beherako osasun langileei jartzen ari zaizkie dagoeneko. Hurrengo egunetan gehiago heltzea aurreikusten dute.

Otsailean, 1.810.575 dosi bidaliko ditu AstraZenecak Espaniara, 1.779.579 Pfizer-BionTechek eta 412.000 Modernak. Martxoan, berriz, beste 2.750.040 dosi bidaliko ditu Pfizerrek, eta AstraZenecak eta Modernak bidaltzen jarraituko dute. Hiru txertoen kasuan, bina dosi jarri behar dira, baina lehenengoaren eta bigarrenaren arteko epeetan aldeak daude.

Espainiako Gobernuak ez ditu planak aldatu, eta udan biztanleen % 70 txertatuta egotea aurreikusten du. Horretarako, abiadura handitu beharko da. Europako Sendagaien Agentziak txerto berriak onartzea lagungarria izango da horretan.

Erritmoa, beraz, txerto berriak iristearekin batera handituko da. Errusiako Sputnik V izan daiteke horietako bat. % 90etik gorako eraginkortasuna du, eta dosi bakarrarekin immunizatzeko ahalmen handia. Onartzeko, Europar Batasunean ekoitzi beharko dute. Horren harian, Austriako Gobernua prest agertu da Errusiako edota Txinako txertoak ekoizteko, baita beste edozein ere, baldin eta baimena lortzen badute. "Azken finean, ahalik eta azkarren ahalik eta txerto seguru gehien lortzea da helburua, nork garatu dituen kontuan izan gabe", esan du Sebastian Kurz gobernuburuak.

Txertaketa masiboa aurreikusita, autonomia erkidegoak espazio handiagoak prestatzen ari dira, prozesua azkartzeko; futbol zelaiak eta unibertsitate campusak, esaterako. Erritmoaren jauzi kualitatiboa 2021eko bigarren hiruhilekoan espero da.

Jokoan sartu den azken txertoa, Oxford eta AstraZenecarena, 18 eta 55 urte bitartekoei jarriko zaie, horren eraginkortasuna adin tarte horretan baitago frogatuta. Helduko diren lehenengo dosiak lehen lerroan ez dauden osasun langileei jarriko zaizkie.

Ikusteko dago txerto desberdinak izateak, bakoitza ezaugarri desberdinekin, lehentasun taldeen ordena aldatuko duen.

Arrisku taldeetako pertsonak

Momentuz, "arrisku baldintzak" dituzten pertsonei txertatzea egokitzen zaienerako, Espainiako Medikuntza Prebentiboa, Osasun Publikoa eta Higiene Sozietateak gomendatu duenez, arrisku handiena dutenak "lehendabizi txertatu beharko lituzkete, onura gehien aterako luketenak izango liratekeelako".

70 urtetik gorako pertsonak, III. graduko obesitatea dutenak, Down sindromea dutenak edo esklerosi anizkoitza dutenak "lehentasun altukoak" lirateke, erakunde honen ustez. Helburua "agintariei erabakiak hartzen laguntzea da, txertatzeko ordenak zehazteko bidean", badakitelako oraindik "dosiak gutxi" direla.

Eraginkortasun mugatuagoa Hegoafrikako aldaeraren aurrean

AstraZenecak garatutako txertoak "eraginkortasun mugatuagoa" du Hegoafrikako aldaeraren aurrean, gaur argitaratuko duten ikerketa baten behin-behineko datuen arabera.

Horrela, Hegoafrikako Gobernuak bertan behera utzi du AstraZenecaren txertoak jartzeko kanpaina, bertako adituek estrategia berri bat erabaki arte.

Oxfordeko eta Witwatersrandeko unibertsitateetako adituek egindako ikerketa horrek erakusten du eraginkortasuna galtzen duela aldaera berri horren aurrean, kasuak arinak edo ez oso larriak direnean, bereziki. Nolanahi ere, gaitza larria denean, beste txerto batzuek bezala, Oxfordek garatutako honek ere antigorputzak sortzen dituela ondorioztatu dute.

Kutsatzeak egonkortzen hasi dira Hego Euskal Herrian

Bitartean, pandemiaren aste honetako eboluzioak egonkortze bat erakusten du, eguneroko datuetan.

EAEn, 632 kutsatze berri atzeman dituzte azken 24 orduetan, bezperan baino 315 gutxiago. Guztira, 10.104 proba egin dituzte, eta positiboen tasa % 6,2tik % 6,3ra igo da. Nafarroan nabarmen egin du behera kutsatze kopuruak. Larunbatean, 87 kasu atzeman dituzte, bezperan zenbatutako positiboen (171) ia erdia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Iparraldea argazkiak Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak gaur Sendagileen albisteak Basurtuko ospitalea albisteak Gurutzetako Ospitalea albisteak Erizaintza Sendagaiak albisteak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea albisteak Koronabirusa olatu berria Galdakao-Usansolo Ospitalea azken ordukoa Anbulatorioak albisteak Osasunbidea