Gizartea -
KORONABIRUSA
Kasu berriak 632ra jaitsi dira EAEn, baina positiboen tasa % 6,3an dago oraindik
Aurreko egunean baino 315 kutsatze gutxiago zenbatu dituzte azken 24 orduetan Euskal Autonomia Erkidegoan. Positiboen tasari dagokionez, aldaketa gutxi: % 6,2tik % 6,3ra igo da.
EITB MEDIA
Covid-19aren pandemiarekin lotutako 632 kutsatze berri atzeman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan azken 24 orduetan, bezperan baino 315 gutxiago. Guztira, 10.104 proba egin dituzte, eta positiboen tasa % 6,2tik % 6,3ra igo da.
Lurraldeka banatuta, 100 kasu berri zenbatu dituzte Araban, 104 Bizkaian eta 217 Gipuzkoan, Osasun Sailak argitaratutako datuen arabera.
Ospitaletako egoera hauxe da: 57 pertsona ospitaleratu zituzten atzo logela arruntetan, eta ZIUn 161 gaixo daude covid-19ak jota, gaur-gaurkoz.
Proba gutxiago egin dituztenez, kasuen beherakada ez da positiboen tasan islatu.
Bizkaiak izan du hobekuntza nabarmenena
Nahiz eta kutsatzeek hiru lurraldeetan egin duten behera, Bizkaian ostiralean baino 241 kasu gutxiago atzeman dituzte. Gipuzkoan, berriz, 47 positibo gutxiago zenbatu dituzte larunbat honetan, eta Araban 30. Gainerako 11 kasuak EAEtik kanpo bizi diren herritarrekin daude lotuta (ostiralean baino hiru gehiago).
100 positibotik behera zenbatu dituzte Nafarroan
Covid-19 kasuek behera egin dute nabarmen Nafarroan igande honetan. Guztira, 87 kasu berri atzeman dituzte, aurreko egunean baino 84 gutxiago, Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak emandako behin-behineko datuen arabera.
Zehazki, 2350 proba egin dituzte bart, eta horietatik % 3,7k eman dute positibo. Bezperan, berriz, % 6,1ean zegoen positiboen tasa.