Gizartea -
Berdintasuna
Calvok uste du Trans Legeak "espainiarren nortasun irizpidea" urratu dezakeela
"Bereziki kezkatzen nau borondate edo nahi hutsarekin generoa aukeratzeko planteamenduak", adierazi du Espainiako Gobernuaren lehenengo presidenteordeak.
agencias | eitb media
Carmen Calvo Espainiako Gobernuko lehenengo presidenteordeak espero du akordio batera iritsiko direla gobernukideekin, hau da, Unidas Podemosekin, Trans Legea delakoaren inguruan, baina zalantzak agertu ditu genero autodeterminazioaren inguruan.
"Bereziki kezkatzen nau borondate edo nahi hutsarekin generoa aukeratzeko planteamenduak, gainerako 47 milioi espainiarren nortasun irizpidea arriskuan jartzen duelako; horrek berme batzuk izan behar lituzke", adierazi du Calvok Cadena Ser Catalunya irrati katean.
Horren harira, eta 16 urtetik beherakoek mediku txostenik gabe sexua aldatzeko aukera izateari buruz, Calvok esan du zailtasun bakarra ez dela adina, baizik eta "dagoeneko badauden eskubide batzuekin batera indarrean egongo diren eskubide berriak sortzea".
"Ez da adina bakarrik, eta adingabeekin lotutako kontuak bereziki babestu behar dira, baina eskubideak sekula ez dira absolutuak demokrazian, beti dituzte mugak, denek dituzte talkak besteekin", azaldu du presidenteordeak, dituen kezkak onartu aurretik.
Carmen Calvok errefusatu egin du Unidas Podemosen lege proiektuak oinarri okerra duenik, baina berretsi du "gai korapilatsua eta garrantzitsua" dela, "kolektibo batek babesa eskatzen duelako".
Era berean, goraipatu egin du PSOEk berdintasun arloan onartu duen lege kopurua. "PSOEk egin ditu herrialde honetan egin diren berdintasun lege guztiak, eskuindarrek beti jo dute horien aurka, eta guztiak igaro dira Auzitegi Konstituzionalaren aurretik, horrek oniritzia eman aurretik", gaineratu du.