Gizartea -
Larrialdi klimatikoa
NBEk ozeanoak salbatzeko hamarkada abiatu du
Herrialdeek beren aurrekontuen % 2 baino gutxiago bideratzen dute zientzia ozeanikoetara, egoera geroz eta larriagoa bada ere.
eitb media
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ofizialki hasi du “Garapen Iraunkorrerako Zientzia Ozeanikoen Hamarkada”, ozeanoak salbatzeko asmoz, gizakiaren eraginez egoera larrian baitaude.
Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak zientziaren eta ikerketaren garrantzia azpimarratu du, eta 2050ean itsasoan arrainak baino plastiko gehiago egon litekeela eta koralezko arrezifeak mende amaierarako desagertu litezkeela ohartarazi du.
Audrey Azoulay UNESCOrko zuzendari exekutiboak ere bertan parte hartu du, eta NBEko estatu kideei eskatu die zientzia ozeanikoetan inbertitu eta ikertu dezaten, ozeanoak ezinbestekoak baitira planetaren orekari eusteko.
Ozeanoek duten biodibertsitateaz gainera, baliabide ekonomiko garrantzitsuak ere badira, mundu osoan 3.000 milioi pertsona baino gehiago bizi baitira ozeanoek eskaintzen dituzten jarduera sozioekonomikoei esker.
Herrien konpromisoa
Azoulayk ozeanoen kudeaketa iraunkorraren alde ere egin du. Azaldu duenez, munduko kostalde gutzien % 40 osatzen dituzten 14 herrialdek ozeanoen kudeaketa iraunkorra egiteko konpromisoa hartu dute.
Halere, estatuek, batez beste, euren aurrekontuaren % 2 baino gutxiago erabiltzen dute ozeanoak ikertzeko. Azoulayk ohartarazi duenez, hori ez da nahikoa, berotzea, azidotzea, desoxigenatzea eta biodibertsitatearen kaltetzea itzulerarik gabeko puntu batera iristen ari baitira.