Gizartea -
Emakume Zientzialarien Eguna
Estereotipoek emakumeen bidea oztopatzen dute oraindik zientzian eta ikerkuntzan
Gehiago dira doktore tesia irakurtzen duten emakumeak EAEn, baina unibertsitateko lehen etapetako berdintasunak ez da maila altuetan islatzen. Kontziliazio neurriak beharrezkoak dira aurrera egiteko.
Mikel Dominguez | EITB Media
Ikerkuntza zientifikoak dagokion lekua berreskuratu du eztabaidetan, hain zuzen gizarteak zientziari bizkarra emanda ziola zirudienean, pandemiak eman digun kolpe handiaren ondorioz. Hala ere, azken hamarkadetan aurrerapenak izan diren arren, oraindik badu zer hobetu, helburu argi batekin: berdintasuna.
Gaur, otsailak 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da. Momentu aproposa ematen du gogorarazteko, urrutira joan gabe, 2020ko konfinamenduak modu desberdinean eragin ziela emakumezko ikertzaileei. Gizonek ikertzeko eta publikatzeko denbora gehiago izan zuten emakumeek baino, eta hori aldizkari zientifikoek jasotako artikuluetan nabari geratu zen, Espainiako Gobernuaren Emakumeak eta Zientzia Unitatearen txosten batek jaso zuen bezala.
Detaile bat ematen duenak, egiaz, agerian uzten du kontziliazioa emakumeen gain jartzen duen egitura, eta argi uzten du ikerkuntzaren munduan etorkizun hurbilean izango dituen lanetako bat: emakume askok etxean familia zaintzeagatik ibilbide zientifikoa gelditu behar izanak sortutako desoreka orekatzea.
Hala ere, berdintasunik eza askoz lehenago hasten da. Izan ere, 1910era arte emakumeek ezin zituzten berdintasun baldintzetan goi mailako ikasketak egin Espainiako Estatuan. Gaur egun, Hezkuntza eta Lan Heziketa Ministerioaren datuen arabera, "emakume gutxi daude arlo zientifiko-teknikologikoetan ikasketa maila guztietan". Marta Macho-Stadler Matematiketan doktore, EHUko irakasle eta Mujeres con Ciencia blogaren editoreak honakoa dio horren inguruan: "Fisika bezalako ikasketetan eta ia ingeniaritza guztietan gertatzen da; eta Ingeniaritza Informatikoan are larriagoa da, orain dela urte batzuk emakumeen portzentajea altua zelako, baina azken urteetan asko jaitsi da matrikulazioa, eta ematen du jaisten jarraitzen ari dela".
Arrazoi bat baino gehiago dago bokazioan berdintasunik ez egoteko. Lehendabizi, estereotipoak daude. "Askok uste dute zientzia 'jenioentzako' eta inteligentzia maila pribilegiatuko pertsonentzako aktibitatea dela. Eta jeinutasun hori gizonezkoentzat utzitako balore bat da; emakumeok 'langileak' gara pertsona askorentzat, eta 'langileak' izateagatik lortzen ditugu gure arrakastak", azaldu du Macho-Stadlerrek.
Ainhoa Madariaga Ikerbasqueko Berdintasun Planaren arduradunak Angela Saniren hitz batzuk ekarri ditu gogora: "Giltzarrizkoa da argitzea zergatik dagoen hain emakume zientzialari gutxi, joera hori zergatik gertatzen den ulertu ahal izateko. Kontua ez da soilik azaltzea emakumeak zer egiteko gai diren; izan ere, oroz gain, argi ulertu behar dugu zergatik zientziak ez duen jakin genero-estereotipoetatik eta duela hainbat mendez geroztik indarrean dauden mito arriskutsuetatik askatzen. Emakumeek oso ordezkapen murritza dute zientzia modernoan; izan ere, historian, oro har, intelektualki beherago dauden gizakitzat hartu eta zientziatik baztertu izan dituzte, nahita baztertu ere".
Haurtzaroan hasten da pertzepzio hori. Macho-Stadlerren esanetan, neskatoak "sei urtetik aurrera pentsatzen hasten dira ez direla mutikoak bezain bikainak". Emaitza oso argia da: "Zientzia bikaintasunarekin lotzen bada, eta haiek ez badute uste bikainak direnik, gerta daiteke oso gaztetik alboratzea zenbait diziplinatan lan egitea".
Macho-Stadlerrek kontatzen duenez, emakumeenganako "gehiegizko paternalismoak", gainera, ez du desoreka hori konpontzen, baizik eta guztiz kontrakoa: "Gaur egun, eskoletako orientatzaileek eta familiek aholku desberdinak ematen dizkiete neskatoei eta mutikoei ikasketak aukeratzeko orduan. Asmo ona egon arren, batzuek emakumeei 'zerbait errazagoa' aukeratzea gomendatzen diete, zailtasunak dituzten ikasketei aurre egiten beharrean".
Argazkia: ThisIsEngineering/Pexels
Gainera, erreferente femeninoen gabezia eta, azkenean, neskatoak eta mutikoak tratatzeko forma ere aipatzen ditu Macho-Stradlerrek. "Jasotzen dituzten opariek" ahalmen espezifiko batzuk indartzen dituzte, eta publizitateak ere "batzuk eta besteak modu batean edo bestean izan nahi izatera bultzatzen ditu".
"Uste dut pertzepzio horiek, tendentzia horiek, aldatu litezkeela erreferente femeninoen bitartez, arlo horietan lan egiten duten emakumeak erakutsiz, esan dezaten zer egiten duten eta zergatik egiten duten, zientzia eta teknologia publikoarengana eramanez, lan zientifikoa desmitifikatuz, garrantzitsuena lana eta dedikazioa direla esanez, eta ez jende askok beharrezkoa dela uste duten 'jeinutasun' hori", azaldu du Macho-Stadlerrek.
"Aldaketa sakonak beharrezko" ikusten ditu Madariagak, "kultura eraldaketa" oso bat helburu dutenak, eta eguneroko aldaketak ere bai tartean: "genero-ikuspegia ikerketetan txertatu; hausnarketarako guneak sortu; egun bereziak ospatu (otsailaren 11, esaterako), emakumeek zientzian duten rola bistaratzeko; etorkizuneko belaunaldiei erakutsi emakume eta zientzialaria izatea posiblea dela...".
Berdintasunik eza ikerkuntzan
Bidea haurtzaroan hasten den arren, unibertsitatea abiapuntua da ikerkuntzan. Zehatz-mehatz, doktoratutako pertsonen kopurua adierazle ona da. Zentzu horretan, esan genezake berdintasuna lortu dela Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate sisteman, doktoratutako emakumeen eta gizonen kopurua oso berdintsua izan baita azken hamarkadan zehar, Ikerbasqueren 2020ko Zientzia Euskadi txostenaren arabera. Are gehiago, 2008tik 2018ra zazpi urtetan izan dira gehiago tesia irakurri duten emakumeak.
Zenbaki horiek, baina, diziplinaren arabera aldatzen dira. Macho-Stadlerrek gogoratu duenez, "osasun arloan emakume asko daude eta teknologikoan gutxi". Finantzazioak berebiziko lekua hartzen du doktoratu ondorengo etapan, "ikerkuntzan lan egin behar duenak jarraitzea ahalbidetuko duen kontratu bat lortu behar duelako", eta lehiaketa horretan gizonek eta emakumeek ez dituzte baldintza berdinak.
Gainera, gero "artazia efektua" nagusitzen da: unibertsitateko lehen urteetan emakume gehiago daude, baina ibilbide profesionalean aurrera egin ahala, gero eta gizon gehiago agertzen dira. EHUko katedren % 75 gizonen esku daude. Gauza bera gertatzen da Dedikazio Osoko Baliokidetasunean ikerkuntzan lan egiten dutenen artean. Tesietan ikusten genuen berdintasuna ez da gero islatzen, emakumeak dedikazio osoan dihardutenen % 35 dira, eta azken hamarkadan ez da inolako aldaketarik egon.
Ikerkuntzan ere kristalezko sabaiak duen efektua horrela azaldu du Madariagak: "Hierarkia akademiko handiagoko mailetara igotzeko oztopoek osatzen dute, eta emakume ikertzaileen karrera profesionalari eragiteaz gain, parte-hartze maila baxua islatzen dute. Zenbat eta gizon gehiago egon zuzendaritza-postuetan, orduan eta aukera gutxiago etorkizunean postu horietara promozionatu nahi duten emakume ikertzaileentzat".
Hau ez da denboraren igaro hutsarekin aldatuko. "Emakume askorentzat, doktoratuaren ondorengo etapa familia sortu nahi duten momentuan dator, eta zaila da zaintza eta ikerkuntza bateragarri egitea. Zientzian, denbora luze batean gelditzen bazara, gerta daiteke zure gai berean lan egiten duen beste norbaitek aurrea hartzea", esan du Macho-Stadlerrek.
Horregatik, Matematiketan doktorearen ustez, aldaketak bultzatu egin behar dira, emakumeak katedrak eskatzera bultzatuz "ebaluaketetan erantzukizun familiarrekin lotutako geldiune horien inguruko balorazioak gehituta, hautagaiak epaitzen dituzten epaimahaiekin kontu handia izanda eta kuotak ezarrita".
Azken urteotan, berdintasunerako joera izan da. Horregatik, Madariagaren iritzian, "etorkizunean azken kategorietan ere berdintasuna lortuko dela pentsa daiteke", baina betiere "egun diren emakume titularrak sustatzen badira".
Ez da ahaztu behar agenda zientifikoa "gizonen ikuspuntutik taxutu" izan dela. "Ondorioz, emakume ikertzaileen parte-hartzea eta lidergoa minoritarioa izan da, izan ere, idatzi gabeko estereotipoak eta arauak barne dituen antolaketa-kulturaren eraginez, askotan hainbat zailtasun eta oztopori aurre egin behar diote, eta, ondorioz, ikerkuntza ez da askotan izaten oso aukera erakargarria emakumeentzat", Ikerbasqueko arduradunaren ustez.
Kontziliazioaren erronka, ikerkuntzan zailagoa
Zientzian ere merkatuaren legeek agintzen dute, eta lehiaketa erabatekoa da ikertzaileen ibilbideetan. Beren lanak "erabateko dedikazioa eskatzen du". Macho-Stadlerren arabera, "jende asko dago gai berberetan lanean", eta horrek "tentsio handia sortzen". Familia eta ibilbide profesionala kontziliatzeak "errendimendu beherakada ekar lezake", eta horrek bereziki emakumeei egiten die kalte.
"Emakumeak familia arduretara dedikatzen badira, errendimendu baxuagoa izango dute, eta curriculumean nabarituko da", azaldu digu ikertzaileak. Pandemiak agerian utzi du hori, konfinamenduan argitaratutako artikuluei erreparatuz gero: "Etxean gertatzen zen guztiari kasu egin eta telelana egitea eta ikertzea bereziki zaila izan da emakumeentzat".
Benetako aukera berdintasunaren aldeko borrokak ez ditu "mikromatxismo" ahaztu behar. Egunerokoan eragiten diete emakumeei, eta "zure konfiantza txikiagotzen lagun dezake, erronkak ezinezkoak direla pentsatzen lagundu… eta, kasu askotan, dena alde batera utzarazi". Desberdintasun horiek "sumagaitzak dira batzuetan, baina ondorioak suntsitzaileak dira".
Argazkia: Polina Tankilevitch/Pexels