Gizartea -

Minbiziaren Aurkako Eguna

10 milioi pertsona hil ziren minbiziaren ondorioz 2020an

Covid-19ak minbiziaren aurkako tratamenduak eten ditu munduko herrialde askotan, nahiz eta gaixo horiek arrisku handiagoa izan koronabirusaren aurrean.

Minbiziaren Aurkako Mundu Eguna. Argazkia: Pixabay
Minbiziaren Aurkako Munduko Eguna. Argazkia: Pixabay
Minbizia eta birusa, ahalegin bikoitza

1:21

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, otsailak 4, Minbiziaren Aurkako Munduko Eguna da. Kontzientziazioa areagotzeko eta gizartea mobilizatzeko helburuz sortu zen eguna, minbiziari aurre hartu eta haren kontrolean aurrera egiteko. Beste behin, mundu osoko pertsonek eta erakundeek bat egin dute ekimenarekin.

Minbiziak 10 milioi pertsona hil zituen iaz, gehienak erdi-mailako errenta edo errenta baxua duten herrialdeetan, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) jakinarazi duenez. Datozen hamarkadetan kasu berriak areagotu egingo direla ohartarazi du erakundeak eta 2040an ia % 50 altuagoak izango direla datuak.

Dena dela, OMEk ziurtatu du minbizi mota askok sendatzeko aukera handiak dituztela, behar bezala diagnostikatzen eta tratatzen badira. Izan ere, gaur egun, 5 pertsonatik batek du minbizia bizitzako uneren batean; 8 gizonetik batek eta 11 emakumetik 1ek.

Ohikoena bularreko minbizia da. Atzetik datoz biriketako minbizia, kolonekoa eta prostatakoa. "Minbizia haur eta nerabeen artean heriotza kausa nagusietako bat da, eta talde horretan urtean 400.000 kasu diagnostikatzen dira", gaineratu du Andre Ilbawi OMeko Gaixotasun Ez Transmisiboen Saileko doktoreak.

Pandemiak tratamenduak eten ditu

OMEk dio "berandu" dabiltzala eskura dituzten diagnostikoetan eta tratamenduetan, batez ere diru-sarrera txikiak eta ertainak dituzten herrialdeetan. Azken hilabeteetan, gainera, covid-19aren eraginez, are beranduago: izan ere, pandemiaren aurretik, errenta altuko herrialdeen % 90ek baino gehiagok tratamendua eman ziezaieketen gaixoei, eta herrialde pobreen % 30ek baino gutxiagok zuten zerbitzu hori.

Baina OMEk egindako inkesta baten arabera, covid-19aren pandemiak minbiziaren aurkako tratamenduak eten zituen herrialdeen % 40an baino gehiagotan, nahiz eta gaixo horiek arrisku handiagoa izan koronabirusaren aurrean. OMEk dio minbizia duten gaixo batzuek uko egin diotela tratamendua jasotzeari, kontsultetan covid-19az gaixotuko diren beldurrez.

"Pandemia izan arren, minbizia duten pertsonek diagnostikoa eta tratamendua jasotzeko aukera izatea bermatu behar dugu, horrek bizia salba baitezake", adierazi du Anselm Hennis OPSko Gaixotasun Transmisibleen eta Osasun Mentalaren Saileko zuzendariak.

Bularreko eta umetoki-lepoko minbiziak

Bularreko minbizia izan zen intzidentzia handiena izan zuena 2020an, biriketako minbizia gaindituz (2,3 milioi kasu berri), hau da, gaixotasunaren diagnostiko guztien ia % 12.

Emakumeen artean oso ohikoa den beste minbizi mota bat umetoki-lepokoa da, 2020an 604.000 kasu berri izan zituena. Gainera, iaz, heriotza horien ia % 90 diru-sarrera txikiko eta ertaineko herrialdeetan gertatu ziren.

Ondorengo urteetan umetoki-lepoko minbiziak gora egiten jarraituko duela ohartarazi du OMEk: 2030ean 700.000 kasu eta 400.000 heriotza. Minbizi mota hori giza papilomaren aurkako txertoarekin prebenitu daiteke, eta garaiz detektatzen denean kirurgiarekin trata daiteke.

Tabakoa, arrisku-faktore garrantzitsuena

Osasunaren Mundu Erakundeak azaldu duenez, minbiziak eragindako heriotzen herena tabako-kontsumoak, gehiegizko pisuak, dieta ez osasungarriek, jarduera fisikorik ezak eta alkoholaren kontsumoak eragiten dute, baina tabakoa da arrisku-faktore garrantzitsuena.

Bestalde, ingurumen-faktoreak, hala nola airearen eta uraren kutsadura, minbizi mota batzuen arrisku-faktoreak dira, hala nola birikarena, besikularena eta kolonarena. Eguzkiaren erradiazio ultramoreak dira, berriz, azaleko minbiziaren kausa nagusia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Minbizia Gaixotasunak argazkiak Osasunari buruzko albisteak Medikuen albisteak COVIDaren agerraldiak gaur Munduko Osasun Erakundea Albisteak Gizartea Eguneko albisteak