Gizartea -

Koronabirusa

AstraZenecaren txertoa 80 urtetik gorakoei ez ematea erabaki du Espainiako Gobernuak

Gainera, ostegun honetan ebatziko dute asteon iritsiko den txertoarekin zer egin 65 urte baino gehiago dituztenen kasuan.

Adineko gizon bat AstraZenecaren txertoa jasotzen. Argazkia: EITB
Adineko gizon bat AstraZenecaren txertoa jasotzen. Argazkia: EITB
Adineko gizon bat AstraZenecaren txertoa jasotzen. Argazkia: EITB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Osasun Ministerioaren Osasun Publikorako Batzordeak baztertu egin du AstraZenecaren txertoa (aste honetan bertan iritsiko da Espainiako Estatura) 80 urtetik gorakoei ematea, baina oraindik ez du erabaki 65 urtetik gorakoen kasuan zer egin.

Horixe jakinarazi du Carolina Darias Osasun ministroak prentsaurrekoan, Lurralde Arteko Osasun Kontseiluaren ostean. RNA mezularia duten txertoak 80 urtetik gorakoentzat gorde behar dituztela gehitu du.

Horrela, kolektibo horrek ez du jasoko Europako Sendagaien Agentziak berriki onartu duen txertoa, baizik eta orain arte Estatuan banatzen ari direnak: Pfizer/BioNTech eta Moderna konpainiena.

Osasun Publikorako Batzordeak AstraZenecaren bi dosiak 10 eta 12 asteko tartearekin ematea adostu du, eta bihar erabakiko du 65 urtetik gorakoen kasuan zer egin; izan ere, hainbat herrialdek ez ematea aholkatu dute adin tarte horretan ez delako entsegu klinikorik egin.

Lehenengoa Alemania izan zen, eta beste batzuk gehitu zaizkie, tartean Frantziako Estatua. Gaur, Belgikak iragarri du ez diela sendagai hori emango 55 urtetik gorakoei.

Aurreko ostiralean eman zion sendagarien agentziak oniritzia AstraZenecaren txertoari, 18 urtetik 55erako tartean, baina ez zuen eragozpenik jarri zaharragoen kasuan, ez baitago eraginkortasunari buruzko daturik.

6,7 milioi dosi

Espainiako Estatuak larunbata eta astelehena artean jasoko du AstraZenecaren lehenengo hornidura, baina ministroak ez du zehaztu zenbat dosi. Hori bai, otsailean 1.819.575 txerto jasoko omen ditu Espainiako Gobernuak.

Guztira, covid-19aren aurkako 6,7 milioi dosi jasoko ditu gutxienez martxora arte, Pfizer, Moderna eta AstraZenecarenak batuta.

Dariasen arabera, otsailean Pfizer/BioNTechen 1.779.570 dosi iritsiko dira, eta martxoan 2.705.040 dosiraino igoko da kopurua, enpresa farmazeutikoaren arabera.

Horiekin batera, otsailean bertan Modernaren 412.000 eta AstraZenecaren 1.810.575 iritsiko dira, ministroak jakinarazi duenez.

Guztira 6.707.185 dosi izango dira Espainiako Estatuan banatuko dituztenak, eta bigarren hiruhilekotik aurrera Europako Sendagaien Agentziak onartuko dituenak gehitu beharko zaizkie: Janssen, Novavax eta CureVac konpainienak.

Dariasen esanetan, txertaketaren erritmoa egokia da, iritsi diren dosiak kontuan hartuta, eta berretsi du Europar Batasun osoan udan herritarren % 70 immunizatuta egotea dela helburua.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa