Gizartea -
Txertaketa
Covid-19arekin kutsatuta egon diren pertsonei dosi bakarra ematea nahikoa izan liteke
Hala erakusten dute Estatu Batuetan egindako bi ikerketak. Emaitzak behin-behinekoak dira, baina zientzialariek hipotesi hori berretsiko balute, premiazkoak diren dosi asko liberatzea ekarriko luke.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Covid-19aren gaitza igaro duten pertsonei ARNm bidez garatutako txertoen –Pfizer-BioNTech eta Moderna- dosi bakarra ematea nahikoa izango litzatekeela ondorioztatu dute, oraindik behin-behinekoak diren bi ikerketak.
Pfizer-BioNTech konpainien edo Modernaren txertoen dosi bat hartuta, pertsona horiek antigorputzak azkar sortzen dituztela ikusi dute lan horien bidez. Halaber, kutsatuta egon diren lagunek lehendabiziko dosia jaso ostean bigarren mailako ondorioak sarriago izaten dituztela egiaztatu dute.
New Yorkeko Monte Sinai ospitaleak egindako ikerketan 109 pertsonek hartu dute parte: 41ek positibo eman zuten aurrez, eta 68 ez dira inoiz kutsatuta egon. Koronabirusarekin gaixorik egondakoek sortutako antigorputzak 10-20 aldiz gehiago ziren gainerakoekin alderatuta.
Txertoaren lehendabiziko dosia eman eta bi astetara, antigorputzen kontzentrazioa 10 aldiz handiagoa zen covid-19a izan duten pertsonengan, bi dosiak hartu dituzten lagunengan baino.
Ikertzaileek esan dute pertsona horiei jarraipena egiten ari zaizkiela eta denborarekin ikusiko dela immunitateari eusten dioten ala ez.
Adituen arabera, aurrez kutsatuta egon diren pertsonei dosi bakarra emateak ez luke ondorio negatiborik izango, min gehiago egitea saihestuko lietzaieke eta une honetan premiazkoak diren dosi asko liberatuko lirateke.
Ikerketa horretan bigarren mailako ondorio kaltegarriak ere aztertu dituzte, eta bi taldeetan antzekoak direla konprobatu dute. Alabaina, gaixotasuna igaro dutenengan ondoko albo-ondorioak nabarmenagoak direla adierazi dute: nekea, burukomina, hotzikarak, sukarra eta giharretako edo artikulazioetako mina.
Marylandeko Unibertsitatean egindako beste ikerketa batek ere antzeko emaitzak eman ditu. Kasu honetan, Pfizer-BioNTech konpainien eta Modernaren txertoaren dosi bakarra hartu duten 59 osasun-langileren antigorputzak aztertu dituzte.
"Bi lanetan ondorio berera iritsi dira ikertzaileak: covid-19a izan duten pertsonei txertoaren dosi bakarra ematea nahikoa izan litekeela, gainerako pertsonek bi dosirekin lortzen duten immunitate bera izango luketelako. Hala ere, teoria hau txertaketa kanpaina masibo batera egokitzea konplexua izan daiteke eta, oraingoz, seguruagoa izan daiteke bi dosi ematen direla bermatzea", esan du Eleanor Riley Edinburgoko Unibertsitateko immunologia eta infekzio-gaixotasunen irakasleak.