Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Lau urteko espetxe zigorra bikotekide ohia bortxatu zuen gizonarentzat, Nafarroan

Nafarroako Auzitegi Nagusiak Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioak ezarritako zigorra bi urtez murriztu du, bidegabeko atzerapenak aringarritzat jota.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak lau urteko kartzela-zigorra ezarri dio gizon bati, bikotekide ohia alkoholaren eraginpean zegoela bortxatu zuelako Iruñerriko herri batean.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Zibileko eta Zigor-arloetarako Salak zigorra sei urtetik lau urtera jaitsi du Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioak 2020ko otsailean ezarritako zigorra, bidegabeko luzapenak aringarritzat jota, epaimahaiak 11 hilabeteko atzerapenarekin eman zuelako epaia.

Lehen epaian, Auzitegiko Bigarren Sekzioak aintzat hartu zuen aringarri gisa gaur egun 27 urte dituen auzipetuaren jokabidean mozkortuta zegoela. Espetxe-zigorraz gain, bost urterako zaintzapeko askatasuna eta hamar urtez salatzailearengana hurbiltzeko eta harekin komunikatzeko debekua ezarri zizkion. Gainera, biktimari 25.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharra ezarri zion.

Defentsak helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Auzitegi Nagusian, baina epaileek lehenengo ebazpenean frogatutako gertakariak frogatutzat jo dituzte bigarren epaian. Horren aurrean, defentsak helegitea aurkez dezake Auzitegi Gorenean.

Erasoa 2017ko urtarrilaren 1ean gertatu zen. Erasotzailea eta salatzailea (20 urte zituen orduan) taxi batean diskoteka baterantz zihoazela, emakumea ondoezik jarri zen, edan egin baitzuen. Horren aurrean, gaua bere etxean pasatzeko eskaini zion bikotekide ohiak.

Etxebizitzan, 04:00ak aldera, emakumea koltxoi batean etzan zen, jantzita, eta berehala lokartu zen. 06:30 aldera esnatu zen, ordea, gerritik behera biluzik eta erasotzailea gainean zuela. Emakumeak aurre egin arren, gizonak bortxatu egin zuen.

Ordutik, biktimak "antsietatea, ideia suizidak, amesgaiztoak, lotsa eta erru sentimenduak" ditu, eta tratamendu psikologikoan dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak adin txikikoak Indarkeria matxista Nafarroa Delituak Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Sexu erasoak Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiketak