Gizartea -

INAUTERIAK

2022an inauteriak ospatzeko, aurten elkar zaintzeko deia egin die tolosarrei Udalak

Herritarren osasuna bermatzeko neurriak errespetatzeko eskatu diete udal ordezkari guztiek tolosarrei, datorren urtean guztiok ospatu ahal izan ditzagun inauteriak.

Olatz Peon Tolosako alkatea 2021eko inauteriei buruz. Irudia: EiTB Media
Olatz Peon Tolosako alkatea 2021eko inauteriei buruz.
Tolosako Udala: ''Ez etorri Tolosara, ez da jairik izango eta''

3:59

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inauteriak oso jai bereziak izaten dira tolosarrentzat, baina Tolosako Udaletik aditzera eman dutenez, aurten ezinbestekoa da erantzunkidetasunez, zuhurtziaz eta elkartasunez jokatzea, tolosar guztien osasuna bermatzeko, "hori baita lehentasun bakarra momentu honetan egoerari aurre egiten jarraitu ahal izateko". Tolosak eremu gorrian hasi du urtea covid-19aren pandemiak behartuta.

Astearte honetan emandako prentsaurrekoan Tolosako udal ordezkariek "bidean hainbat senitarteko, lagun eta herritarrek utzi gaituztela” gogora ekarri nahi izan dute, eta hori dela eta, aurten elkar "zaindu behar dugula, elkar babestu, datorren urtean guztiok ospatu ditzagun 2022. urteko inauteriak".

Hori dela eta, tolosarrei "neurriak betetzeko, indarrean dauden jarraibideak errespetatzeko eta gizarte harremanak mugatzeko" eskatu diete; jende pilaketak edota osasunerako arriskutsuak izan daitezkeen egoerak ekidite aldera. 

"Herri honek erakutsi du momentu zailenetan elkartasunez jokatzen badakiela”, azaldu dute, eta horren harira, indarrean dauden neurriak gogorarazi dituzte:

-          Musukoa derrigor eta modu egokian erabiltzea eta eskuak maiz garbitzea.

-          Pertsonen arteko distantziak mantentzea eta bizikidetza unitatetik kanpo 4 pertsona baino gehiago ez elkartzea.

-          Elkargune pribatuak itxita mantentzea.

Zaintza eta prebentzioa, osasuna eta segurtasuna bermatzeko

Udalak zaintza lanak egingo ditu ostegunetik asteartera neurriak errespetatu daitezen arreta berezia jarrita jende pilaketak izan daitezkeen eremuetan. Era berean, kale-hezitzaileak ere ibiliko dira kalez-kale babes neurriak herritarrei gogorarazten.

Prebentzio alorrean ere, ikastetxeekin elkarlanean kontzientziazio lanak egingo dira datozen egunetan, ikasleek jai izango dutelako. Ere berean,  gutuna bidaliko zaie herriko zein eskualdeko guraso guztiei, kontzientziazio eta prebentzio ikuspegi horretatik.

Garraio publikoari dagokionez, beste urteetan zerbitzuak areagotu izan dituztenez, Udala Renfe eta Lurraldebus-ekin harremanetan jarri da, ohiko ordutegia mantendu dezaten.

Momentu honetan, herria perimetralki itxita badago ere, egoera aldatu daiteke, eta horregatik,  inguruko zein Gipuzkoako gainerako herrietako biztanle guztiei eskatu diete Tolosara ez etortzeko, jairik ez dagoelako eta jairik egongo ez delako.

Amaitzeko, hainbat tolosarrek jai izango dutenez, kultur eskaintza indartu egingo da, kiroldegia zabalik egongo da eta Topagunea ere bai, gazteei tailer ezberdinak eskaintze asmoz. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Gaurko albisteak Gipuzkoa Tolosa Inauteriak Euskadin 2024 Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Koronabirusa olatu berria Zer egin daiteke Euskadin?