Gizartea -
koronabirusa
Covid-19aren kontrako Arabako murrizketak ezarriko dituzte Trebiñun
Horixe iragarri du alkateak, baina Gaztela-Leongo Gobernuak erantzun dio erkidego horretako neurriak ezarri behar dituela, eta bestela isunak jaso ditzaketela herritarrek.
E. G. | EITB MEDIA
Trebiñuk azken 14 egunetan 100.000 biztanleko kasu positiboen 3.000ko intzidentzia metatua gainditu du, eta bertako alkateak aditzera eman du koronabirusaren hedapenari eusteko Arabak ezarritako murrizketei jarraituko diela, eta ez Gaztela eta Leongoei. Neurrien artean, etxeratze-agindua 22:00etan izango dute bertako herritarrek, eta ez 20:00tan.
Udalerria arrisku handiko eremuan dagoela onartu arren, Trebiñuko alkateak, Enrique Barbadillok, gogorarazi du pandemiaren hasieratik Arabako araudia bete dutela; izan ere, maiatzaren 9ra arte alarma-egoera deklaratzeko klausula gehigarri batek horixe ezartzen zuen, hau da, inguruko probintziako arauei lotuta egongo direla.
Pandemiak gogor jo duen erkidegoa den aldetik, asteburuan Gaztela eta Leongo Juntak murrizketa gehiago ezarri ditu 53 udalerritan, tartean, Trebiñun. Alkateak onartu egin du hori. Dena dela, "mugikortasunari dagokionez Euskal Autonomia Erkidegoko eremu gorrien araudia aplikatzen jarraituko" dutela berretsi du, eta horiek azken 14 egunetan 100.000 biztanleko kasu positiboen 500eko intzidentzia-tasa metatua dutela.
Alkateak azaldu duenez, barrendegiko herritar guztiak Gaztela eta Leongo osasun-eremuan daude, baina arreta espezializatua eta ospitalekoa Araban jasotzen dute.
Trebiñuko alkatearen esanetan, Cuchoko zaharren egoitzan izandako agerraldi batek eragin ditu kasuak, eta orain arte 30 bat bizilagun eta langile dira kutsatuta daudenak. Kutsatzeak covid-19aren lehen txertoa jarri eta gero atzeman ziren, eta kasu batek baino ez du arreta gehiago behar izan, gainerakoak "sintomarik gabekoak" direla zehaztu baitu Trebiñuko alkateak.
Gaztela-Leongo Gobernuaren erantzuna
Alkatearen jarreraren aurrean, Gaztela eta Leongo Gobernuak Trebiñuko Udalari eskatu dio erkidego horretan ezarritako neurriak errespetatzeko, Eusko Jaurlaritzarenak hartu beharrean.
Gaztela eta Leongo Udal Administrazioko Zuzendaritzak gutuna bidali dio alkateari Gobernuak iragarritako aparteko neurriak ezar eta bete ditzan. Urtarrilaren 31n sartu ziren indarrean koronabirusaren eraginari aurre egiteko.
Gaztela eta Leongo Gobernuak gutunean adierazi duenez, Trebiñuko Udalak ez dauka eskumenik zein araudi ezarri behar duen erabakitzeko.
Gainera, Gobernuak uste du Udalaren jarrerak nahasmena eragin dezakeela herriko gazteen artean, eta isunak jaso ditzaketela arauak urratzeagatik.
Gatazka horren aurrean, Gaztela eta Leongo Gobernuak Trebiñuri gogorarazi dio bertako zaharren egoitza bateko 34 erabiltzaileri eta 25 langileri txertoa jarriko dietela bihar.