Gizartea -
KORONABIRUSA
Isunak jasotzen hasi dira Derioko jaian parte hartu zutenak
600 eurorainoko isunak dira (besteak beste, herrietako konfinamendua urratzeagatik), baina 300 eurora murriztu daiteke borondatezko epean orainduz gero.
EITB MEDIA
Abenduaren hasieran Derioko San Jose komentuko ostatuan legez kanpoko jaian parte hartu zutenak isunak jasotzen hasi dira. Radio Euskadik jakin duenez, 600 eurorainoko zigorrak dira, baina 300 eurora murriztu daitezke ezarritako epea agortu baino lehen ordainduz gero.
Abenduaren 8an, goizaldean, zarataren berri izan eta legez kanpoko jai bat ospatzen ari zirela jakin ondoren, Ertzaintzaren patruilak bertaratu ziren 67 gazteak eraikinetik ateratzera. Hala ere, horietako asko ez ziren hurrengo egunera arte atera bertatik.
Ertzaintzak parte-hartzaile guztiak identifikatu zituen eta guztira 312 isun jarri zituen (batez beste, 4,7 arau-hauste espediente bakoitzeko), parte-hartzaile gehienei hauek egotzita: herrietako konfinamendua urratzea, sei pertsonatik gorako taldeetan biltzea eta musukorik ez eramatea. Gainera, zenbaiti agintarien aurkako desobedientzia ere egotzi diete.
Jaia ospatu eta ia bi hilabetera jaso dituzte parte-hartzaileek lehen isunak.