Gizartea -

Koronabirusa

Urtebete igaro da MOEk covid-19agatik nazioarteko larrialdia deklaratu zuenetik

Munduko Osasun Erakundearen ohartarazpenak ez zuen eragotzi koronabirusa planeta osora zabaltzea. Urtebete beranduago, 102 milioitik gora dira kutsatzeak, eta 2,2 milioi pertsona hil dira.

Osasun neurriak Wuhanen (Txina), 2020ko urtarrilean. Argazkia: EFE
Osasun neurriak Wuhanen (Txina), 2020ko urtarrilean.
Urtebete igaro da Munduko Osasun Erakundeak nazioarteko larrialdia ezarri zuenetik

1:26

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urte bat igaro da Munduko Osasun Erakudeak nazioarteko larrialdi egoera deklaratu zuenetik SARS-CoV-2 koronabirusaren hedakuntza azkarragatik. 2020ko urtarrilaren 30ean, MOEk mundu osoa ohartarazi zuen.

Momentu horretan 8.000 kasu erregistratuta zeuden hogei bat herrialdetan. Kasu positiboak zeuden Alemanian, Estatu Batuetan, Japonian eta Vietnamen, baina oraindik diagnostikatutako kasuen % 99 Txinakoak ziren.

Nazioarteko larrialdia deklaratu eta urtebetera, koronabirusa txoko guztietara heldu da. Gaur egun 102 milioi kutsatzetik gora izan dira, eta 2,2 milioi pertsona hil dira mundu osoan, zenbaki ofizialen arabera. Azken orduetan 610.000 kasu gehiago zenbatu dira.

MOEk mota honetako nazioarteko larrialdi bat deklaratzen zuen seigarren aldia izan zen. Aurretik, H1Ni gripea (2009), Mendebaldeko Afrikako eta Kongoko Errepublika Demokratikoko ebola (2014) eta zika birusa izan ziren eragileak. Bat ere ezin da alderatu covid-19aren pandemiak izandako eraginarekin.

Momentu hartan, MOEren helburua osasun sistema nahikorik ez duten herrialde azpigaratuentzako laguntza handiagoa lortzea zen. Urtebete beranduago, AEB dira kopuru ofizialetan pandemiak gehien kolpatu duen herrialdea, 25,9 milioi kasu eta 439.799 hildakorekin. Ondoren datoz India, 10,7 milioi kasu eta 154.147 hildakorekin, eta Brasil, 9,1 milioi kasurekin eta 222.666 hildakorekin, Johns Hopkins Unibertsitatearen balantzearekin.

Hurrengo herrialdeak dira Erresuma Batua, 3,78 milioi kasurekin eta 104.572 hildakorekin; Errusia, 3,77 milioi kutsaturekin eta 71.054 hildakorekin, eta Frantzia, 3,1 milioi kasurekin eta 75.765 hildakorekin. Ondoren datoz Espainia (2,74 milioi kasu), Italia (2,52 milioi), Turkia (2,46 milioi), Alemania (2,2 milioi) eta Kolonbia (2,07 milioi).

"Ez du esan nahi ez garela Txinaz fidatzen: alderantziz, larrialdi honi aurre egiteko herrialde horrek duen gaitasun osoan sinesten dugu", adierazi zuen zuzendariak 2020ko urtarrilaren 30ean. Aste horretan Xi Jinping Txinako presidentearekin bildu zen Beijingen.

Guztira, 99.848 kasu eta 4.814 biktima izan dira Txinan. Aste honetan, hain justu, MOEko adituak Wuhanen daude berriro. Lehen kasuak artatu zituzten ospitaleak bisitatzen ari dira, koronabirusaren jatorria ikertzeko helburuarekin.

Momentu hartatik aurrera, tratamenduen eta txertoen ikerkuntza inoiz ikusi ez den bezala azkartu zen. Gaur, historiako txertaketa kanpaina handienaren aurrean gaude. Zenbait txerto denbora errekorrean garatu dira, eta beste asko bidean daude, banaketa oso desorekatuta badago ere. Europar Batasunean hiru txerto onartu ditu momentuz Europako Sendagaien Agentziak: Pfizer-BioNtech, Moderna eta AstraZeneca.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea