Gizartea -
Koronabirusa
Bere txertoak dosi bakarrean % 72ko eraginkortasuna duela esan du Janssen konpainiak
Covid-19 moderatu edo larri bat prebenitzeko % 66ko eraginkortasuna du, txertoa jarri eta 28 egunera. Erabiltzeko baimena otsaila hasieran eskatuko dute, AEBetan.
E. L. | EiTB Media
Janssen Pharmaceutical Companiesen txertoak covid-19aren aurkako % 72ko eraginkortasuna du dosi bakarrean, eta covid-19 moderatu edo larri bat prebenitzeko % 66koa, txertoa jarri eta 28 egunera, konpainiak jakitera eman duenez.
Hirugarren faseko entseguaren arabera, txertoa jarri eta 28 egunera, covid-19 moderatu edo larri baten aurrean % 66ko babesa lortu zuten Latinoamerikan, eta % 57koa Hegoafrikan. 43.783 lagunek hartu dute parte azterketan, eta 468k ez dute sintomarik izan.
Gainera, gaixotasun larria prebenitzeko orduan, txertoak % 85eko eraginkortasuna izan zuen eskualde guztietan, 18 urtez gorako adineko guztietan, dosia jarri eta 28 egun geroago, baita 60 urtez gorakoen artean ere. Are gehiago, eritasun larri baten aurkako eraginkortasunak gora egin zuen denborarekin, eta 49 egun pasa ondoren txertatuen artean ez zuten kasuen berri eman.
Banaketari dagokionez, txertoa, “irabazi-asmorik gabe pandemia larrialdiei aurre egiteko”, eskaintzeko konpromisoa azaldu du konpainiak, “baimenak jasotzeko zain”. “Banaketa bide estandarrekin bateragarria da”, ziurtatu du Janssenek, ondorioz, “baimena jasotzen baldin badu, bi urtez egonkor mantenduko da, -20 gradutan”.
“Dosi bakarrean covid-19 txertorako hautagaiak izandako emaitzak esperantzagarriak dira. Gaixotasunaren karga modu esanguratsuan murrizteko gaitasuna du, immunizazio bakarra ongi jasan eta txerto eraginkorra da, munduaren osasun publikoarentzako osagai kritikoa izan daiteke”, azpimarratu du Paul Stoffels Johnson & Johnson konpainiaren zuzendaritza batzordeko presidenteordeak.
Konpainiak nabarmendu duenez, orokorrean babes sendoa lortu dute arraza, adin tarte, 60 urtez gorakoak barne, birusaren aldaera eta eskualde guztietan, baita Hegoafrikan ere. Horrela, Hegoafrikan B.1.351 aldaeraren SARS-CoV-2 kasuak izan ziren gehienak (% 95).
Hala ere, botikaren eraginkortasuna eta segurtasuna aztertzeko bi urteko jarraipena egingo diete ENSEMBLEren entseguan parte hartu duten guztiei. Albo-ondorioen inguruan egindako azterketaren arabera, txertoaren dosi bakarra orokorrean ongi hartu dute denek.
Larrialdi Erabilera Baimena (EUA) eskatzeko asmoa dute otsaila hasieran, Ameriketako Estatu Batuetan. Baimena jaso eta berehala produktua banatzeko prest izatea espero dute.