Gizartea -
Jaiak
Bilboko inauteriak, bertan behera
Ez da ospakizunik egongo; ez kalean, ez internet bidez. Etxetik mozorrotuta irten nahi duten pertsonei magiarekin zerikusia duten mozorroak aukeratzea proposatu die Jai Batzordeak.
EiTB MEDIA
Bilboko Jai Batzorde Mistoak iragarri du aurten ez dutela inauteririk antolatuko. Hortaz, otsailaren 6tik 16ra ez da ospakizunik egingo Bizkaiko hiriburuan, "covid-19aren pandemiari aurre egiteko babes eta elkartasun irizpideekin bat".
Euskal Museoan egindako agerraldian, Itziar Urtasun Jai zinegotziak eta Artzai Goieaskoetxea Bilboko Konpartsak taldeko ordezkariak eman dute albistea.
Biek ala biek azaldu dute aho batez hartu dutela inauteriak bertan behera uzteko erabakia, horretarako "osasun baldintzak" betetzen ez direla iritzita.
Agerraldian, adierazi dute erabaki "bateratua eta arduratsua" dela, eta erantsi dute osasuna dibertsioa baino garrantzitsuagoa dela. "Jairik ez ospatuta, kalean jende asko pilatzea saihestuko dugu", azpimarratu dute.
"Bilboko bizilagunen osasuna eta ongizatea babestu nahi ditugu, horregatik, herritar guztiei eskatu nahi diegu segurtasun eta osasun neurriak betetzen jarraitzea", esan dute.
Erabakia irmoa da. Ez da ospakizunik egongo; ez kalean, ez internet bidez. Etxetik mozorrotuta irten nahi duten pertsonei magiarekin zerikusia duten mozorroak aukeratzea proposatu die Jai Batzordeak, "itxaropena pizteko eta etxeko txikienak entretenitu eta pozteko".