Gizartea -
KORONABIRUSA
15 arnasgailu eta ZIUetarako ekipamendua utzi dizkio EAEk Errioxari
Errioxako Gobernuak bertan behera utzi ditu presazkoak ez diren ebakuntza guztiak eta, gainera, hainbat ebakuntza gela egokitu ditu Zainketa Intentsiboen Unitateko ohe gisa.
EITB MEDIA | EFE
Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) 15 arnasgailu eta Zainketa Intentsiboen Unitateetarako (ZIU) tresneria utzi dizkio Errioxari, koronabirusa tarteko, lurralde horrek bizi duen osasun egoera "kritikoari" aurre egiteko. Hala iragarri du gau Sara Alba Errioxako Osasun kontseilariak.
Sara Albak eskerrak eman dizkio EAEri materiala lagatzeagatik, eta "Osasun Sistema Publikoaren elkartasunaren" baitan kokatu du trukea.
Azken asteetan neurri murriztaile berriak hartu ditu Errioxako Gobernuak, Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoeraren baitan. Gauzak horrela, funtsezkoak ez diren jarduera guztiak itxi ditu eta bizikideen arteko bilerak soilik baimendu ditu.
Errioxak Zainketa Intentsiboen Unitateetako 77 ohe prestatu ditu. Horretarako, Logroñoko San Pedro ospitaleko 16 ebakuntza gela ZIUko ohe gisa egokitu ditu.
Horrez gain, ospitaleko beste gune batzuk ere egokitu ditu. Hori egin ahal izateko, bertan behera utzi ditu presazkoak eta onkologiakoak ez diren ebakuntza guztiak.