Gizartea -

KORONABIRUSA

EAEk 1.264 positibo berri atzeman ditu, baina positibotasuna ia puntu bat jaitsi da

Intzidentzia metatua berriz ere handiagoa da, 633,77 kasu, baita ospitaleko presioa ere, non oso larri dauden pertsonak 140 izatera iritsi diren.

Jendea Bilbon
Jendea Bilbon
Pandemiaren hazkundea Euskadin leuntzen hasi dela diote adituek

1:23

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiak 1.264 positibo berri utzi ditu azken orduetan, aurreko egunean baino bederatzi gutxiago. Aurreko eguneko zifraren antzekoa da, baina positibotasun tasa txikiagoa da.

Osasun Sailak jakitera eman duenez, 17.285 proba egin zituzten ostegun honetan (aurreko egunean baino 1.787 gehiago), eta horietatik 1.264k positibo eman zuten; kutsatze tasa % 7,3koa izan zen, eta, asteazkenean, % 8,2koa.

Positibo berri gehienak Bizkaian erregistratu dituzte berriro, baina beherakada izan da: 714 kutsatze berri izan dituzte, aurreko egunean baino 19 gutxiago; Gipuzkoan, berriz, 357 positibo berri (aurreko egunean baino 15 gehiago) eta Araban 178 kasu berri, asteartean baino zortzi gutxiago.

Datu horiekin, Euskadin hamalau egunetan metatutako intzidentzia-tasa aurreko egunean 100.000 biztanleko 610,8 kasu izatetik 633,77 izatera igaro da. Hiru lurraldeetako datuek okerrera egin dute. Bizkaian 661,4tik 687,70era igo da, Gipuzkoan 517,8tik 534,24ra eta Araban 591,7tik 615,37ra.

Presio asistentzialak markak hausten jarraitzen du, bai ospitaleratuen guztizko kopuruan (745), bai zainketa intentsiboetako unitateetako pazienteen kopuruan (140), hau da, asteazkenean baino hiru gehiago.

Gela arruntetan 605 gaixo daude (570 asteazkenean), ostegunean 86 pertsona ospitaleratu ostean, aurreko egunean baino zortzi gutxiago.

Oinarrizko ugalketa-kopurua da datu positibo bakarra; izan ere, pixkanaka jaisten ari da eta 1,09 puntutan kokatu da, aurreko eguneko 1,10aren aldean.

Birusa transmititzen den 5.000 biztanletik gorako udalerrien egoerari dagokionez, 500 kasuetatik gora 44 herri zeuden ostegun honetan, eta 41 asteazkenean, zerrendatik Zumaia irten eta Abadiño sartu da Bizkaian, eta Hondarribia, Legazpi eta Lezo Gipuzkoan.

Ikastetxeetako egoerak okerrera egin du; izan ere, ostegun honetan 188 ikasgela itxi dituzte covid kasuengatik, bezperan baino 29 gehiago, hau da, bi urtetik unibertsitatez kanpoko 17.554 ikasgelen % 1,07.

Koronabirus kasuren batek kaltetutako ikastetxeen kopuruak ere gora egin du, 115etik 133ra, eta oraindik ere bertan behera dago Aizarnako (Zestoa, Gipuzkoa) bi geletako jarduera presentziala.

Sei pertsona hil dira Bizkaiko egoitzetan eta kutsadurak behera egin du

Bizkaiko egoitzetako adineko sei pertsona hil dira azken bi egunetan, eta, beraz, 184 pertsona hil dira dagoeneko pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik, baina zentro horietan kutsatutakoen kopurua murriztu egin da.

Atzoko jardunaldia ixtean, Bizkaiko Foru Aldundiak ostiral honetan jakitera eman duenez, lurraldeko egoitzen sareak (154 zentro, 10.748 plazarekin) 147 erabiltzaile zituen, aurreko txostenean (duela bi egun) baino 26 gutxiago.

Gainera, 40 erabiltzaile ospitaleratuta zeuden, bi egun lehenago baino bost gutxiago.

Halaber, egoitzetako 214 langilek (lau gutxiago) positibo eman dute eta 73 langile (sei gutxiago) isolamenduan daude, kutsadurarik baieztatu gabe.

Guztira 16 egoitza (duela bi egun baino bat gehiago) kaltetuta daude. Gehien erasandako zentroa Miserikordiakoa da, Bilbon, 35 kasurekin.

Egoitzetako kasuez gain, Aldundiak Birjinetxen (Bilbo) eta Unben irekitako unitate soziosanitarioek 77 egoitza-erabiltzaile hartu zituzten atzo bien artean, bi egun lehenago baino lau gutxiago.

Aldundiak azaldu duenez, azken orduetan egoitzetako 47 adineko sendatu dira.

Bestalde, Gipuzkoako zaharren egoitzetan hiru positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan, baina ez da inor gehiago hil gaitzak jota, Aldundiak jakinarazi duenez.

Positibo berriak Tolosako Iurreamendin (2) eta Donostiako Berminghamen (1) izan dira.

Gainera, Donostiako Hermanos Garateko, Aretxabaletako Debagoienako eta Irungo Gurutze Gorriko hiru erabiltzailek gaixotasuna gainditzea lortu dute.

Gaur egun, 55 positibo aktibo daude Gipuzkoan, eta horietako 16 Berminghamen daude, 15 Debagoienan, 12 Irungo Gurutze Gorrian, eta herri horretako Inmaculadan beste 6 daude.

Uneotan covid-ak jota dauden erresidentzietako erabiltzaileetatik, 34 Eibarko eta Ordiziako erreferentziazko zentroetan daude.

Abuztuaren 11n bigarren olatua hasi zenetik, 151 dira hildako erabiltzaileak, eta 618k gainditu dute gaixotasuna.

Nafarroa

Nafarroak 253 kasu positibo berri atzeman zituen atzo, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, osasun sistema publikoan 3.548 proba egin ostean (2.382 PCR proba eta 1.166 antigeno test), % 7,1eko positibotasun tasarekin.

Espainiako Estatuan, Osasun Ministerioak 38.118 kasu gehiago atzeman ditu egun batean, eta 513 pertsona hil dira. 100.000 biztanleko inzidentzia 886,6koa da, eta ZIUetako presioak gora egin du % 43,95era arte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak