Gizartea -
EPAIA
Irunen emakume bat bortxatzeagatik akusatutako gazte bat absolbitu dute
Prozedura Kriminaleko Legearen baitan, emakumeak uko egin dio epaiketan deklaratzeari. Bere lekukotasuna akusatuaren aurkako froga nagusia izaki, epaileak 'in dubio pro reo' printzipioa aplikatu dio.
EITB MEDIA | EFE
2017an Irunen emakume bat bortxatzeagatik sexu eraso delitua egozten zioten gizon bat absolbitu dute, biktimak epaiketan deklaratzeari uko egin ostean. Gipuzkoako Auzitegiko Hirugarren Sekzioan irailean egindako epaiketan, Fiskaltzak bost urteko kartzela zigorra eskatzen zuen akusatuarentzat.
Emakumeak instrukzio fasean ere uko egin zion akusazio partikularrari. Epaiketako lehen egunean, ez zen epaitegira aurkeztu. Hori dela eta, epaimahaiak espresuki eskatu zion bigarrenera joateko. Izan ere, bere lekukotza zen akusatuaren aurkako froga nagusia.
Epaitegira agertu zen, baina bikotekidearen aurka ez deklaratzeko heldulekuari heldu zion.
Fiskalak ustez erasotzailea zenarekin zuen harremana nolakoa zen galdetu zioenean, lagunak zirela eta "sei hilabete edo urtebeteko epean" sexu harremanak "bizpahirutan" izan zituztela erantzun zuen.
Une horretan, fiskalak galdeketa eten zuen eta Espainiako Prozedura Kriminaleko Legearen 416. artikuluak dioena irakurri zion emakumeari.
Epaimahaiako presidenteak orduan gazteari azaldu zion akusatuarekin, "nolabait", bikote harremana izan zuela ulertuta, epaiketan ez deklaratzeko aukera zuela; alabaina, eginez gero "egia esateko betebeharra" zuela.
"Ez dut deklaratu nahi", erantzun zuen emakumeak, aretotik irten aurretik. Epaiketak aurrera jarraitu zuen.
Aurrez, epaiketako lehen egunean, akusatuak ukatu egin zuen emakumeari sexu erasoa egitea. "Noizean behin" sexu harremanak izateko elkartzen zirela onartu zuen eta 2017ko apirilaren 14ko gau hartan horretarako hitzordua egin zutela, WhatsApp bidez.
EFE albiste agentziak eskuratu ahal izan duen epaiaren arabera, epaileak "in dubio pro reo" printzipioa aplikatu dio akusatuari, "gertakarien beste bertsiorik" ez duelako.