Gizartea -
INAUTERIAK
2021, inauteririk gabeko urtea
Covid-19ak eragindako krisi sozio-sanitarioa dela eta, Euskal Herriko herri askotan ekitaldi eta desfile tradizionalak bertan behera uztea erabaki dute.
EITB MEDIA
Covid-19ak ez gaitu soilik eguneroko bizitzan baldintzatu, 2020an ekitaldi eta data jakin askok pandemiaren eragina jasan zuten. Urte berriaren hasierarekin batera, egoera ez da aldatu, eta covid-19ak jaiak bertan behera uztera edo atzeratzera behartzen jarraitzen du; oraingoan, inauteriak.
Euskal Herriko hainbat udalerritan aurten ez dute jai tradizional hau ospatuko.
Ituren eta Zubietako inauteriak astelehenean (urtarrilak 25) eta asteartean (urtarrilak 26) ospatu behar ziren. Udalek inauteriak bertan behera uzteko erabakia iragarri zuten azaroaren amaieran, pilaketak saihesteko helburuarekin. Gainera, herritarrei ospakizunik ez egiteko eskatu zieten, eta bisitariei, urtarrileko azken astelehen eta asteartean ez bertaratzeko.
Lantzek ere bertan behera utzi ditu inauteriak pilaketak saihesteko. Miel Otxin ez da herriko kaleetan ibiliko eta suak ez du irentsiko.
Tolosako Udalak urrian jakinarazi zuen ez zituela inauteriak ospatuko "pilaketak saihesteko" eta herritarren "segurtasuna eta osasuna bermatzeko". Horrela, 2021a inauteririk gabeko lehen urtea izango da Gipuzkoako udalerriarentzat, frankismoan ere mantendu eta ospatu baitziren.
Arabako hiriburuko Udalak ere erabaki bera hartu zuen. Estibaliz Canto Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotziak jakinarazi duenez, erabakia "kalean jendea biltzea saihesteko" hartu zuten; izan ere, une honetan, "lehentasuna pertsonen osasuna zaintzea da".
Donostian ere ez dira inauteriak ospatuko. 'Txasiss' konpartsako kide den Naiara Crujeirasen arabera, konpartsek "itxaropen txiki bat genuen, baina bagenekien inauteriak dakarren guztiarekin ezinezkoa zela".
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak aurreratu duenez, jai batzordeak laster jakinaraziko du egungo egoera dela-eta ezingo direla inauteriak ospatu. Gainera, udara begira, " Aste Nagusi ezberdin bat" prestatzen ari direla adierazi du alkateak.
Zalduondok ere ez ditu inauteriak modu tradizionalean ospatuko, baina Markitosen bisita jasoko du ekitaldi xume eta sinboliko batean. Udalak jaiak bertan behera uzteko arrazoia eta zaintzearen garrantzia gogorarazi nahi izan die herritarrei.
Azkenik, badirudi Zuberoan ezingo dela Maskarada ospatu. Barkoxe eta Atharratze emanaldiak prestatzen eta egutegiak bateratzen hasiak ziren, baina badirudi herri bakar batek ere ezingo duela entseatutakoa erakutsi. Hala ere, Barkoxeko gazteek maskarada udaberrian egiteko itxaropena dute.