Gizartea -
HONDAKINEN KUDEAKETA
Hondakinen gaikako bilketa % 85era handitu nahi du EAEk, hamar urtean
Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planaren zirriborroaren arabera, % 30 hondakin gutxiago sortu nahi du.
O. A. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzaren 2030erako Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planaren zirriborroak honako helburu hauek aurreikusi ditu, besteak beste, % 30 hondakin gutxiago sortzea eta hondakinen gaikako bilketa % 85era areagotzea. Era horretan, zabortegira hondakin gutxiago bideratzea lortu nahi du.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak azaldu ditu zirriborroaren gako nagusiak. Aipaturikoez gain, arriskutsuak ez diren hondakinak bigarren mailako baliabide bihurtzea eta zabortegietara doazenak % 15 murriztea ere erdietsi nahi du.
Guztira, 97 milioi euroko inbertsioa egingo du Eusko Jaurlaritzak hamar urtean. Hainbat ekintza jarriko ditu abian, besteak beste, materialen zirkulartasuna lortzeko (produktu berriak ekoizteko berriro erabili ahal izatea), klima aldaketa arintzeko eta "isurtzeko gaitasunaren gabezia konpontzeko".
Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planaren zirriborroak aintzatu hartu du Zaldibarko zabortegian izandako luiziaren eta Mutiloako eta Larrabetzuko zabortegien itxieraren ondotik, hamar zabortegi baino ez daudela zabalik Euskal Autonomia Erkidegoan, arriskutsuak ez diren hondakinak (4.000.000 m3 inguru) jasotzeko.
Aurreikuspenen arabera, hamar urtean 6.500.000 metro kubiko hondakin sortuko dira, nahiz eta urtez urte jaisten joatea espero duten: 1,2 milioi 2021ean, 550.000, 2025ean eta 200.000, 2030ean.
2030erako Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planaren zirriborroari ekarpenak egin ahalko dizkiote datozen hilabeteetan beste erakunde batzuek ez ezik, sektoreko eragileek eta herritarrek.