Gizartea -
Zaldibarko zabortegia
Zaldibarko ingurumen kalteen erantzule "bakar" izatea baztertu du Verterrek
Zaldibarko zabortegiaren jabea den Verter Recycling enpresak zorroztasun handiagoa eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, uretan eta lurzoruan eragindako kaltea berari egotzi ostean.
O. A. | EITB MEDIA
Zaldibarko zabortegiaren jabe den Verter Recycling enpresak "zorroztasun handiagoa" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, luiziak inguruko lurzoruetan eta gainazaleko zein lurpeko uretan sortutako kalteen erantzukizunak esleitzerakoan. Edozein kasutan, ukatu egin du erantzule bakarra izatea.
Enpresak gaur zabaldutako ohar batean dioenez, Eusko Jaurlaritzak igorritako ebazpenak Verter enpresari egotzi dio zabortegian gertatutako luiziaren gaineko ingurumen-erantzukizuna, instalazioko operadorea den aldetik, eta luizi horren ondorioz gertatu diren ingurumen-kalteak konpontzeko betebeharra ezartzen dio. Gainera, hamar eguneko epea (bost eguneko luzapenarekin) eman dio Zaldibarren eragin zituen ingurumen arazoak onbideratuko dituen proiektu bat aurkezteko.
Salatu duenez, "Eusko Jaurlaritzak prozedura-berme egokirik gabe eman du ebazpen hori, eta kalteak zenbatzeko eta haien garrantzia zehazteko ezarritako metodologiak eta gidak alde batera utzita".
Gainera, Verterrek gaitzetsi egin du erantzukizun guztia "esklusiboki" egoztea, "inplikatutako beste eragile batzuk" ere erantzule izan litezkela iritzita.
Enpresak zorroztasun handiagoa eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, "bai jarraitu beharreko prozedurari dagokionez, bai ebazpen horren amaierako ondorioei dagokienez ere".
Bestalde, ingurua konpontzeko eta egonkortzeko konpromisoa erakutsi du, baita Joaquin Beltranen gorpua aurkitzeko ere.