Gizartea -
Indarkeria matxista
Aintzane Pujana prostituitzera behartu zuen hilketagatik atxilotutako bikoteak
Homizidioa, sexu esplotazioa eta legez kanpoko atxiloketa delituak egotzi dizkiete, ikerketaren iturrien arabera. Are, beste biktima bat ere egon daiteke: emakume horri tratu txarrak eman zizkioten.
EFE | EITB MEDIA
Aintzane Pujana gazte donostiarra hiltzea egotzita urtarrilaren 12an Aizarnazabalen (Gipuzkoa) atxilotutako gizonak eta emakumeak prostituitzera behartzen zuen emakumea, ikerketaren iturriek EFE albiste agentziari baieztatu diotenez.
Iturrion arabera, Pujana prostituitzera behartzen zuen bikoteak. Gainera, bere borondatearen kontra atxikita izan zuten.
Hala, 24 urteko gizonezkoari eta 23 urteko emakumezkoari homizidio delituaz gain, sexu esplotazioa eta legez kanpoko atxiloketa ere egotzi diete.
Hain justu, salerosketa egoera horrekin zerikusia zeukan konturen baten ondorioz sesioa eduki zuten hirurek urtarrilaren 1ean, eta ingurumaria horretan jazo zen hilketa.
Beste biktima bat ei dago
Gainera, Pujanaren erailketaren harira abiatutako ikerketan jakin ahal izan dutenez, aurrez beste emakume bat jazarri zuen bikoteak, kasua "muturreraino" heldu ez bazen ere. Nonbait, emakume horri txartu txarrak eman zizkioten, eta kolpatu egin zuten.
Iturriok baieztatu dutenez, aurretik delitu txikiagoetan nahastuta egon zen bikotea. Gizonak, adibidez, hainbat salaketa zituen arma zuriak edukitzeagatik.
Ikerketaren arabera, hilketa Aizarnazabalgo nekazal turismoko etxean gauzatu omen zuten, eta bikoteak urtarrilaren 2ko goizaldean utzi zuen Pujanaren gorpua herriko sastraka batzuen artean.
Pujanaren gauzak Gipuzkoako hainbat txokotan utzi zituzten
Ondoren, Gipuzkoako kostaldean barrena ibili omen ziren autoz, Pujanaren arropak eta gauzak hainbat lekutan uzten. Hain justu, Zumaia eta Getaria artean dagoen eremu batean identifikatu zituen Ertzaintzak bi pertsonak, hildakoaren gauza gehiago botatzeko zorian.
Identifikazioa gorabehera, ustezko bi hiltzaileek lurraldearen barnealdean ibiltzen jarraitu zuten. Urtarrilaren 2an, esaterako, Tolosan egon ziren eta garbiketarako hainbat produktu erosi zituzten supermerkatu batean. Gorpua eramateko erabilitako autoa eta euren apartamentua garbitu omen zituzten horiekin, probak desagertzeko asmoz.
Elkarretaratzeak
Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Alderdi Ederren.
Horrez gain, Emakumeen Mundu Martxak ere bilkurak egingo ditu arratsaldean Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Bilbon datorren larunbatean egingo dute kontzentrazioa, eta Donostian (Boulevardean, 19:00etan), gaur.