Gizartea -

Koronabuloa

Orratzik eta kargarik gabeko txertaketak, ‘Vacuna Show’ bideoaren gezurrak

Bideoak 4:14 minutuko iraupena du. 'The Simpsons' marrazki bizidun ospetsuen irudiekin hasten da dokumentua, eta mezu irmo batekin bukatzen da: "sorginkeriatik esnatu".

Covid-19aren aurkako txertaketa. Artxiboko argazkia: EFE
Covid-19aren aurkako txertaketa. Artxiboko argazkia: EFE
Covid-19aren aurkako txertaketa. Artxiboko argazkia: EFE

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

eitb.eus-eko erabiltzaile batek sareetan bolo-bolo dabilen bideo batean jarri du arreta. Dokumentuak txertaketa ezbaian jartzen du. Txertoa jarri beharrean, txertaketa efektu optikoa dela aditzera ematen du bideoak, erabiltzaileak azaldu duenez.

Bideoak 4:14 minutuko iraupena eta 'Vacuna Show' izenburua du. 'The Simpsons' marrazki bizidun ospetsuen irudiekin hasten da dokumentua, eta mezu irmo batekin bukatzen da: "sorginkeriatik esnatu".

Covid-19aren aurkako Pfizer txertoaren ustezko irudi bat agertzen da bideoan, eta Txinan ekoizten ari direla esaten da. Baina txertoa ez dira Txinan egiten ari. Pfizer eta BioNTech konpainiak ekoizpen sare bat erabiltzen ari dira Alemanian, Belgikan eta Ameriketako Estatu Batuetan.

Era berean, politikarien ustezko txertaketa faltsuak azaltzen dira bideoan. Horrela, Kamala Harris AEBetako presidenteordea txertoa jasotzen ikus daiteke, baina orratzik gabe. Hala ere, bereizmen handiko bideo berak xiringaren orratza ikusteko aukera ematen du, maldita.es atariak zehaztu duenez. Beni Ben Muvchar Israelgo politikaria txertoa jasotzen agertzen da, baina orratz, karga eta xiringaren enboloa sakatu barik.

Gainera, covid-19aren aurkako txertaketan erabiltzen diren xiringetako orratzak desagertzen direla azken asteetan zabaldutako bideoan aipatzen den beste gezur bat da. Orratzak ez dira desagertzen; bilkorrak dira. 2015ean Munduko Osasun Erakundeak (MOE) orratz mota horiek erabiltzea eskatu zuen, osasun langileak babesteko.

Nancy Pelosi AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentea bideoaren beste zati batean azaltzen da. Ustez txertoa tapoia jarrita jasotzen du AEBetako buruzagiak. Beste gezur bat da; izan ere, tapa gisa aurkezten dutena xiringaren beste zati desberdin bat da, orratzaren atzealdean dagoena.

Annastacia Palaszczuk Queenslandeko (Australia) lehen ministroaren irudiekin gauza bera gertatzen da, xiringa estalkiarekin agertzen baita. Txertoen aurkako teoria indartzeko erabili dituzte irudiak, eta politikaria txertoa jaso ez zuela argudiatzeko. Azkenik, Cristina Kirchner Argentinako presidenteordea beste argazki batean agertzen da, ustez “orratzik gabe” txertoa jasotzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak Txertoak Koronabirusa