Gizartea -
KORONABIRUSA
LABIren bilera deitu du lehendakariak ostiral honetarako
Udalerri guztiak perimetralki ixtea, establezimendu denak 19:00etarako ixtea eta gehienez lau pertsona elkartu ahal izatea erabaki dezake Eusko Jaurlaritzak.
A. S. | EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak LABIren bilera deitu du ostiralerako, egungo egoera epidemiologikoa aztertzeko eta balizko neurri berriak hartzeko, EiTB Mediak jakin ahal izan duenez. Lehendakariak, beraz, aurreratu egin du hitzordua, izan ere, urtarrilaren 27an zegoen aurreikusita hurrengo LABIren bilera.
Espainiako Gobernuarekin eta gainerako erkidegoetako arduradunekin arratsalde honetan egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak ondoko neurriak proposatu ditu: udalerri guztiak perimetralki ixtea eta 19:00etarako establezimendu denak ixtea eta jarduera sozialak, kulturalak eta kirol ekitaldiak amaitzea.
Gainera, eremu publiko eta pribatuan gehienez 4 pertsona elkartu ahal izatea eskatu du, bizikideen kasuak salbuetsita.
Lurraldeen arteko batzordean, etxeratze-agindua 20:00etara aurreratzea ere proposatu du, baina Osasun Ministerioak oraingoz neurri baztertzea erabaki du.
Espainiako Gobernuak etxeratzeko agindua aurreratzea errefusatu ostean, lehendakariak sare sozialen bidez esan du "aukera bat" galdu dela "adostasunean sakontzeko", eta "egoera oso larria" dela gogoratu du.
Hala eta guztiz ere, hau azpimarratu du: "Euskadik pandemiaren kontrolerako dituen tresnekin lanean jarraituko du, aurkeztu ditugun proposamenak gauzatzen saiatuko gara".
LABIren Aholku Batzordea urtarrilaren 11n bildu zen azkenekoz, eta neurri berriak hartu zituen, hala nola EAEko lurralde historikoen perimetroa berriro mugatzea eta 14 egunean 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzten udalerriak konfinatzea.
Positibo berriak 1.046 izan dira asteazken honetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera. Azken astean, 62 pertsona hil dira EAEn.