Gizartea -
KORONABIRUSA
Nafarroak 200 positibo berri zenbatu ditu
Iruñeko II. Zabalgunean 13 kasu atzeman dituzte. Auzo horretan dago, hain justu, agerraldi bategatik bakartutako ikasleen egoitza.
E.G. | EITB MEDIA
Nafarroa eguneko 200 kasuko langatik jaitsi ezinda dago oraindik. Astearte honetan bi ehuneko zifra erdietsi du, doi-doi, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Bezperako datuekin alderatuta, 39 positibo gutxiago zenbatu badituzte ere, kasuek gora egin dute duela astebeteko datuekin alderatuta (+17) eta baita duela bi astekoekin erkatuta ere (+45).
3.226 proba diagnostiko (PCR eta antigeno) egin dituzte astearte honetan, eta horietatik 200 positibo izan dira. Hortaz, positibotasun tasa % 6,2an kokatu da.
Positibo gehien pilatzen dituzten gune eta udalerriei dagokienez, Iruñeko II. Zabalgunea da denen buru, 13 kasurekin. Auzo horretan dago, hain zuzen ere, agerraldi bategatik bakartutako ikasleen egoitza. Guztira, 30 kasu atzeman dituzte. Zerrendan bigarren tokian daude Iruñeko Arrotxapea eta Tutera Ekialdea, biek ala biek 11 kutsatze zenbatu dituztelako. Arrosadia auzoan eta Sartagudan bederatzina positibo topatu dituzte, eta Azpilaganan, zortzi.
Kasuen gorakada ikusita, Maria Chivite buru duen gobernuak neurri murriztaileak gogortzea erabaki zuen atzo. Hala, larunbatetik aurrera, taberna eta jatetxeetako terrazak bakarrik egongo dira zabalik, eta bilerak bizikidetza unitatera mugatuko dira. Horrez gain, gaur iragarri du Osasunbideak Nafarroako Ospitale Guneko bisitak mugatuko dituela (aurrerantzean egunean zehar paziente bakoitzak laguntzaile bakarra izango du).