Gizartea -

SAN SEBASTIAN EGUNA

Jenderik gabe abiatu da ezohiko Danborrada

Koronabirusaren pandemiaren ondorioz, donostiarrek etxean ospatuko dute San Sebastian Eguna.

Konstituzio plaza hutsik zegoela igo dute Donostiako bandera. Argazkia: EFE
Konstituzio plaza hutsik zegoela igo dute Donostiako bandera.
Banderaren igoera aurreratu eta jenderik gabe egin da Konstituzio Plazan

3:19

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Konstituzio plaza hutsik zegoela igo du Eneko Goia alkateak hiriko bandera gaur gauean, San Sebastian Egunaren bezperan, pandemiaren ondorioz aurtengo ospakizuna ezohikoa izango denaren erakusgarri.  

Izan ere, covid-19ak eragindako osasun egoera larria dela eta, donostiarrek etxean ospatuko dute San Sebastian Eguna, aurten ez baita danbor hotsik eta jairik izango hiriko kaleetan barrena.

Edonala ere, eta ekitaldi handirik izango ez den arren, Udalak hainbat ekimen prestatu ditu, nahi duenak eguna segurtasun neurriak errespetatuz eta etxetik ospa dezan.

Danborrada sinbolikoak izango dira, balkoiak txuri-urdinez jantziko dira eta Donostia Ospitaleari bandera emateko ekitaldia izango dira eguneko protagonistak.

Ikurra udaletxe zaharreko eraikinean jartzeko tradizioa mantendu dute, baina banderaren igoera "publikorik gabeko ekitaldi sinboliko batekin" egin dute, etxeratze agindua 22:00etan indarrean sartu baino minutu batzuk lehenag, jende pilaketak saiheste aldera.

Danborrada

Banderaren igoeran, 26 konpainiak parte hartu dute, hiru lagun izan dira konpainia bakoitzeko. Danbor zuzendaria Leandro Carro izan da (Baso Etxea Elkartea) eta upel-edarra zuzendaria Irati Enjuto (Donostiako Real Club de Tenis elkartea). Bestalde, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako Banda eta Kresala Dantza taldea ere bertan izan dira.

Halaber, bihar, urtarrilaren 20an, 11:55etik aurrera, haur danborrada izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Kasu honetan, 29 ikastetxek parte hartuko dute, eta horietako bakoitzeko hiru ikaslek. Danbor zuzendaria Eneko Esteban (El Carmelo) izango da eta upel-edarra zuzendaria Nora Pradera (Gaztelumendi txiki).

Banderaren jaitsiera ere eskainiko du ETB1ek bihar, 23:25ean hasiko den saioan. Bertan, 26 konpainietako hiru partaide izango dira; danbor zuzendaria Arantzazu Lersundi izango da (Gure Borda Elkartea) eta upel-edarra zuzendaria Braulio Berreiro (Intxaurra Elkartea). Halaber, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako bandak, Easo Abesbatzak eta Goizaldi Dantza Taldeak parte hartuko dute.

Banderek hiria apainduko dute

Udalak balkoiak apaintzeko eta egun handia etxetik ospatzeko deia egin die herritarrei. Horretarako, 10.000 bandera jarri ditu donostiarren eskura, udaletxean eta kultur etxeetan banatuta.

Proposamenak harrera oso ona izan du donostiarren artean, eta bandera guztiak joan den ostiralean agortu ziren, lehen banaketa egunean. Udaletxean, 1.000 banderak bi ordu baino gutxiagoan agortu ziren.

Gipuzkoako hiriburuko hurrengo eraikin esanguratsuek ere bandera izango dute kanpoaldean hilaren 20ko 24 orduetan: Aiete Jauregia, Goikoa Jauregia, Hirigintzako egoitza (San Martin 48), Victoria Eugenia Antzokia, Antzoki Zaharra, San Telmo Museoa, Miramar Jauregia, Donostia Turismoaren egoitza, Tabakalera, Koldo Mitxelena, Real Club Nautikoa, Donostiako Orfeoiaren eraikina, Matia Fundazioa (Rezola eraikina), Maria Cristina Hotela, Londres Hotela

Osasun-langileei omenaldia

Donostiako Udalak hiriko bandera pertsonalizatua emango dio Donostia Ospitaleari, azken 10 hilabeteetan koronabirusaren aurka "lehen lerroan borrokatu diren" osasun-langile guztiei "eskerrak emateko eta omenaldia egiteko".

Eneko Goia alkatearen arabera, bandera donostiarren arteko lotura da eta Donostiako Ospitaleari ematea aurtengo "unerik hunkigarrienetako bat" izango da.

Horrela, Udalak iaz martxan jarri zuen ekimenari jarraipena ematea erabaki du. Iaz Union Artesanari eman zion bandera, 150. urteurrenagatik.

Beraz, Udalak bigarren aldiz emango du hiriko bandera pertsonalizatua. "Nahiz eta ideia originala urtero elkarte edo konpainia bati ematea izan, pandemiak planteamendua aldatu du, eta, oraingoan, jairik izango ez den honetan, birusaren aurka borrokatu diren pertsona horien guztien omenez izango da", azaldu du Goiak.

Lasaitasunerako eta arduraz jokatzeko deia

Goiak "lasaitasuna eta erantzukizuna" eskatu ditu biharko egunari begira, etorkizunean hiriaren eguna "inor falta gabe" ospatu ahal izateko.

Goiak aitortu du "gogorra" dela hiriko jai handia beste urte batzuetan bezala ospatzeko modurik ez izatea, baina une honetan "zentzudunak eta arduratsuak izan eta egoerak eskatzen duen mailan egon behar dugu", horren hitzetan. Gainera, "egoera zaila" dela eta "bigarren edo hirugarren olatu honetan datozen egunak erabakigarriak" izango direla esan du.

Azkenik, alkateak adierazi du 2021. urteak "muga asko" izango dituela, baina "beti begiratu behar zaio etorkizunari eta baikorra eta positiboa izan", erantsi du.

Bestalde, Donostia San Sebastian Festakek, San Sebastian Shops elkartearekin batera, danborradako jantzien erakusketa antolatu du urtarrilaren 16tik 25era bitartean, hiriko hainbat dendaren laguntzarekin. Jantziak denda laguntzaileen erakusleihoetan daude ikusgai.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Danborrada Donostia Gipuzkoa Eneko Goia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Medikuak Erizaintza Urrezko Danborra Koronabirusa