Gizartea -
Lapurreta
Gizon bat edukiontzi batean ezkutatu da, Bilboko jatetxe batean lapurreta egin ostean
Ertzainek 36 urteko gizona atxilotu dute, Abandoko jatetxe batean dirua ostu duelakoan. Indarrez egindako lapurreta delitua egotzi diote hari.
L.Z. | EiTB MEDIA
Ertzaintzak edukiontzi batean ezkutatuta zegoen gizon bat atxilotu du goizaldean Bilbon, Abandoko jatetxe batean lapurreta egin duelakoan.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ustezko lapurretaz ohartarazi dion dei bat jaso du Ertzaintzak 02:45ean. Jatetxera hurbildu eta atea indarrez ireki dutela ikusi dute orduan. Gainera, jatetxe barrua hankaz gora zegoen eta dirua falta zen.
Inguruetan miaketa egin eta edukiontzi baten barruan gizon bat aurkitu dute. Haren itxura lapurretaren egilearen deskribapenarekin bat zetorren. Gainera, jatetxean ostutako dirua zeraman aldean.
Gauzak horrela, ertzainek 36 urteko gizona atxilotu dute, indarrez egindako lapurreta delitua egotzita.