Gizartea -
KORONABIRUSA
Positibo berriek gora egin dute Nafarroan, 200etik gertu kokatuta
Goranzko joera nabaria da, duela 15 egun baino 111 kasu gehiago atzeman baitituzte.
E.G. | EITB MEDIA
199 koronabirus kasu zenbatu dituzte azken orduetan Nafarroan, Foru Gobernuak astelehen honetan emandako datuen arabera.
Igande honetan 1.694 proba diagnostiko egin dituzte (PCR eta antigenoak) eta horietatik 199 positibo izan dira. Hori horrela, positibotasun tasa % 11,7an dago.
Goranzko joera argia da, duela zazpi egun, hilaren 11n, 133 kutsatze atzeman baitzituzten, eta astebete lehenago, hilaren 4an, 88. Beraz, 111 kasu gehiago zenbatu dituzte 15 eguneko epean.
Gaixotasun horrekin lotutako 19 ospitaleratze berri izan ziren atzo Foru Erkidegoan, horietako bat zainketa intentsiboetako unitatean. Halaber, atzo heriotza bat izan zen, 90 urteko emakume bat, eta aurreko egunetan hiru hildako izan zirela jakinarazi dute, 85, 88 eta 89 urteko hiru gizon.
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua 45.258 kasukoa da, eta Nafarroan 995 heriotza zenbatu dituzte covid-19aren ondorioz.
Iruñean eta bere eskualdean kasu positiboen % 50 erregistratu zituzten, Tuteran % 14 eta Lizarran % 17. Gainerako positiboak (% 19) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.
Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri edo guneei dagokienez, Andosilla da denen buru, 15 positiborekin. Burlatan eta Iruñeko II. Zabalgunean bederatzina zenbatu dituzte. Tutera, zazpirekin, eta Donibane (Iruñea) eta Sartaguda, seirekin, daude zerrenda horretako hurrengo postuetan.
Adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, 15 eta 29 urte artekoak (% 26) eta 30 eta 44 urte artekoak (% 22) dira talde nagusiak. Ondoren, 45 eta 59 urte bitarteko taldeak daude (% 18) eta 60 eta 75 urte artekoak (% 14). Azkenik, 15 urtetik beherakoen taldea (% 12) eta 75 urtetik gorakoena (% 8) daude.
Positibo berrien batez besteko adina 41,3 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 54 gizonezkoak dira eta % 46 emakumezkoak.
Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 151 pertsona daude ospitaleratuta (atzo baino 18 gehiago); horietako 14 zainketa intentsiboetako unitaeetan daude (atzo baino bat gutxiago), eta beste 19 etxeko ospitaleratzean (atzo baino bat gehiago). Gainerakoak, 118 gaixo, gela arruntetan daude (atzo baino 18 gehiago).
356 ikasle konfinatuta asteburuan
Haur eta Lehen Hezkuntzako 356 ikasle konfinatu dituzte asteburu honetan Nafarroan pandemiaren ondorioz. Astelehen honetan 799 ikasle daude konfinatuta bi zikloetan, hau da, ikasle guztien % 1,29.
Gelaka, 43 bizikidetza-talde daude 37 ikastetxetan, eta horiek konfinatzeko arriskua duten gela guztien % 1,23 dira.
Bestalde, Espainian 84.287 positibo gehiago detektatu dituzte joan den ostiraletik eta kutsatze-tasa 689,27 kasura igo da 100.000 biztanleko. Gainera, azken hiru egunetan 455 pertsona hil dira koronabirusarekin.
Pandemia hasi zenetik, 2.336.451 pertsona kutsatu eta 53.769 zendu dira Estatuan.