Gizartea -
KORONABIRUSA
Atxilotu bat Donostian, agintarien aurkako atentatua eta desordena publikoak egotzita
Halaber, pertsona talde batek bost edukiontzi erre ditu Getxon.
O. A. | EITB MEDIA
Ertzaintzak Donostian eta Getxon esku hartu du azken orduetan, hainbat pertsonak koronabirusari aurre egiteko osasun arauak urratu ondoren. Donostiako Alde Zaharrean pertsona bat atxilotu dute agintarien aurkako atentatua eta desordena publikoak egotzita. Getxon, bere aldetik, pertsona talde batek bost edukiontzi erre ditu.
Donostian egindako atxiloketak larunbatean hirian gertaturiko istiluekin omen du zerikusia. Halaber, larunbatean kale-edanean ari ziren beste lau gazte atxilotu zituzten Alde Zaharrean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, azken atxiloketa atzo 21:00ak aldera gertatu zen Trinitate plazaren inguruan.
Ertzainek gizonezko bat identifikatu ostean, inguruan zeudenek iraindu egin zituzten eta agenteek esku hartu zuten. Azkenean, gizonezko bat atxilotu zuten agintarien aurkako atentatua eta desordena publikoak egotzita.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren esanetan, gazte talde bat elkartu zen atzo arratsaldean Getxon, Gernika parkean. Ertzaintza agertu zenean, gazteak inguruko kaleetan sakabanatu ziren eta bost edukiontzi erre zituzten.