Gizartea -
Koronabirusa
Covid-19agatik ZIUn daudenen kopurua nabarmen ari da hazten EAEn
92 pertsona daude zaintza intentxiboetako unitateetan. 676 positibo eta % 6,8ko tasa erregistratu dituzte. Ostiraleko datuarekin alderatuta, apur bat hobetu dira eguneko kutsatzeak eta positibo tasa.
Mikel Dominguez | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko zaintza intentsiboetako unitateetan covid-19agatik ingresatuta dauden pertsonen kopuruak gorako bidean jarraitzen du. Momentu honetan 92 gaixo daude ZIUn, Osasun Sailak igandean emandako datuen arabera.
Azken 24 orduetan 676 covid-19 kasu berri erregistratu dira autonomia erkidegoan. Aurreko egunarekin alderatuta, behera egin du positibo berrien kopuruak, baina % 5etik gora jarraitzen du positibo tasa.
Ostiralean 9.930 proba diagnostiko egin dira. Positibo tasa, beraz, % 6,8koa da.
391 positibo Bizkaian erregistratu dituzte, 177 Gipuzkoan eta 99 Araban. 9 kasu EAEtik kanpokoak dira.
Ospitaleen egoerari dagokionez, esan bezala, 92 pertsona daude ZIUn. Larunbatean 49 pertsona berri ospitaleratu zituzten.
Eusko Jaurlaritzak bihar, astelehena, eguneratuko du udalerrien eta R0 indizearen inguruko informazioa.
Lau hildako Bizkaiko erresidentzietan
Bizkaiko erresidentzietako lau egoiliar hil dira azken orduetan covid-19arengatik, eta bigarren olatuko hildakoak 153 dira jadanik. Gainera, bi positibo berri erregistratu dira, eta 353 dira guztira.
Bizkaiko Foru Aldundiaren datuen arabera, larunbatean positibo emandako 254 egoiliar zeuden adinekoentzat autorizatuta dauden lurraldeko 154 egoitzetan, hau da, aurreko zenbaketan baino hiru gehiago). Gainera, 31 adineko zeuden ospitalean (bost gehiago).
Gaur egun 14 egoitza daude positiboekin: Marcelo Gangoiti-Muskiz (82), Truiondo-Zamudio (56), Arratiako Egoitza-Dima (16), Anai Cantero I-Bilbo (14), Misericordia-Bilbo (14), Arandia-Arrigorriaga (12), Beato Domingo Iturrate-Getxo (10), Gallarta-GUFE (11), Caser Artxanda-Bilbo (10), Ercilla-Bilbo (7), Indautxu Gurena-Bilbo (7), Txurdinagabarri-Bilbo (7), Bilbozar-Bilbo (5) eta Artibai-Ondarroa (3).
Koronabirus kasuak hartzeko espezializatuta daogen Birjinetxeko zentroan, gainera ,87 pertsona daude. Horietako 58 erresidentzietako egoiliarrak dira, eta 29 ahultasun egoeran dauden beste pertsonak dira, ospitalean egon ostean koarentena egiten ari direnak.
Modu berean, Unbeko unitatean 24 pertsona daude. Horietatik, 10 egoiliarrak dira, eta 14 ahultasun egoeran dauden pertsonak.
Bestalde, 2693 egoiliarrek gaixotasuna gainditu dute (hau da, covid-19agatik positibo eman eta gero negatibo eman dute), azken orduetan 13 pertsona sendatuta. Zentro horietako langileei dagokienez, 165 zeuden positibo egoeran (aurreko zenbaketan baino bat gehiago) eta beste 77 isolatuta zeuden (covid-19agaatik positiboa baieztapenik gabe), hau da, bat gutxiago.
Hildako bat Gipuzkoako adinekoen egoitzetan
Heriotza bat notifikatu dute Gipuzkoako erresidentziek azken orduetan, eta guztira 145 pertsona hil dira bigarren olatuan zentro horietan. Era berean, Foru Aldundiak eta DYA Gipuzkoak egiten dituzten PCR probetan hiru positibo berri atzeman dituzte.
Foru Aldundiak esan duenez, lurraldeko bederatzi adinekoen egoitzatan daude kasu positiboak. Kaltetuena Aretxabaletako Debagoiena egoitza da, 30 kasu aktiborekin.
Gainera, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako 20 pertsona daude covid-19a artatzeko erreferentziako zentroetan: Eibarko Ospitaleko solairu soziala eta Ordiziako San Jose zentroa.
Gaur egun 52 kasu aktibo daude lurraldeko erresidentzietan. Bigarren olatuan zehar, abuztuaren 11tik, 145 pertsona hil eta 593 sendatu dira.
Nafarroan goian jarraitzen du positibo tasak
159 covid-19 kasu berri zenbatu dira Nafarroan, azken orduotan, bezperan baino 36 gutxiago. Halere, kutxatzeen kopuruak behera egin duen arren, positibitate tasa % 8,1eraino igo da.