Gizartea -

KORONABIRUSA

Hasi dira EAEn covid-19aren kontrako txertoaren bigarren dosia jartzen

Lehen dosiak jarri zirenetik 21 egun igaro direnean, Hondarribiko Caser Betharram egoitza, Gasteizko Ajuria egoitza eta Elorrioko laguntza zentroa izango dira txertaketa zikloa osatzen aurrenak.

Bernardina Escudero izan da bi dosiak jaso dituen lehen gipuzkoarra. Argazkia: EITB Media.
Hondarribiako Caser Betharram egoitza.
21 egunen ondoren, Pfizerren txertoaren bigarren dosia iritsi da lehen egoitzetara

1:27

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren kontra Pfizer-BioNTech konpainiak ekoitzitako txertoaren bigarren dosia jartzen hasi dira gaur Euskal Autonomia Erkidegoan, abenduaren 27an txertaketa kanpaina abiatu zen egoitzetan. Hala, Hondarribiko Caser Betharram egoitzako, Gasteizko Ajuria egoitzako eta Elorrioko laguntza zentroko egoiliarrak eta langileak izan dira bigarren dosia hartu duten lehendabizikoak. Nafarroan bihar ekingo diote.

Aurrekoan baino kamera gutxiago parean zituztela hartu dute gaur txertoa 91 urteko Consuelo Landak Gasteizen, 80ko Begoña del Olmok Elorrion eta 87ko Bernardina Escuderok Hondarribian. Lehendabizikoak izan ziren aurreneko txertoa hartzen EAEn, eta bigarrengoan ere eurak izan dira protagonistak.

Laura Rodriguez Caser Betharram egoitzako zuzendaria pozik eta itxaropentsu agertu da, txertaketaren zikloa osatuta "argia ikusten" hasi direlako tunelaren amaieran.

Duela 21 egun jarri zieten txertoa Hondarribiko egoitzako erabiltzaileei, eta, Rodriguezen arabera, "inork ez du albo-kalterik izan" eta kutsatzerik ere ez dute atzeman txertatutakoen artean. Oraingoz, eta harik eta osasun agintariek bestelako irizpiderik ezarri arte, prebentzio neurriak bere horretan mantenduko dituzte. Hori bai, onartu du "lasaitasun apur bat" berreskuratuko dutela gaurtik aurrera.

Egoitza horretako langile ere baden Ane Aginagaldek bigarren txertoa jaso du, eta bera ere gustura agertu da hedabideen aurrean. “Atzera kontaketa hasi da”, esan du, txertoak bere eragina egiteko beharrezkoak diren zortzi-hamar egunei erreferentzia eginez. “Benetako normaltasuna” berreskuratzeko bidea ikusten du txertoari esker.

Ikusmin gutxiagorekin, aurrekoan baino lasaiago aritu direla lanean aitortu dute bi profesionalek.

Polemika

Pfizer-BioNTech konpainiak txerto banaketa aldi baterako murriztuko duela iragarri ondoren, dosi horien banaketaren inguruan piztu den polemikaren erdian hasiko dira bigarren txertoa ipintzen. Hain zuzen, datorren astetik aurrera, eta aldi batean, Europako herrialdeei dosi gutxiago banatuko dizkiela iragarri du asteon farmazeutika horrek, ekoizpen gaitasuna areagotu ahal izateko; urtean 1.300 milioi dosi ekoiztetik 2.000 produzitzera igarotzea da euren helburua.

Horren aurrean, txertoaren banaketa irizpideak aldatzea erabaki du Espainiako Gobernuak, erkidego guztietan txertaketa ziklo osoa bermatu eta lehen txertoa jasota duten pertsona guztiei bigarrena jarri ahal izateko. Aurreikusitako dosien % 56 bidaliko ditu bihar Pfzierrek Espainiara - 205.725 dosi, 360.000 beharrean-. Illaren hitzetan, banaketa "ekitatiboa" izatea da xedea, baina baita "garantista" ere, hau da, "lehen dosia jaso duten pertsonek bigarren dosia jasotzea bermatzea, 18tik aurrera".

Gauzak horrela, kanpainaren lehendabiziko asteetan jasotako txerto guztiak jartzea erabaki zuten erkidegoek beste hainbeste jasoko dituzte zikloa behar bezala osatzeko, eta, aldiz, txerto kopuru jakin bat gordetzea erabaki zutenei, biharko bidalketan aurreikusitakoa baino txerto gutxiago igorriko zaizkie. Haserre hartu du erabakia Iñigo Urkullu lehendakariak, eta "bidegabea" eta "onartezina" dela esan du. 

EAE eta Nafarroa izan dira, orain arte, txerto gutxien jarri dituzten erkidegoetako bi. Bigarren dosia bermatzeko, txertoak gordetzea izan da Hego Euskal Herrian hartutako estrategia, horrek jende gutxiago txertatzea ekarri badu ere.

Urkulluren arabera, "beharrezkoa da gertatu daitezkeen hornidura gabeziak aurreikustea", eta, orain, "frogatuta" geratu da Eusko Jaurlaritzaren txertaketa mailakatuaren estrategiaren "egokitasuna". "Txertoa edozein preziotan jartzeko lasterketa eroa eraginkorra ez dela eta arriskutsua dela frogatu da", idatzi zuen, atzo, sare sozialetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Hondarribia Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Elorrio Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea