Gizartea -

Araba

Arroiabeko egoitza pribatuari isuna jartzea eskatu dute adinekoak lotzea egotzita

San Frantzisko Xabier egoitzari 660.000 euroko isuna jartzea eskatu dute: 600.000 euro adinekoak arrazoirik gabe lotzeagatik eta 60.000 euro covid-19aren aurkako protokoloak ez betetzeagatik.

Arroiabeko (Araba) San Frantzisko Xabier egoitza pribatua. Irudia: EiTB Media
Arroiabeko (Araba) San Frantzisko Xabier egoitza pribatua. Irudia: EiTB Media
Arroiabeko (Araba) San Frantzisko Xabier egoitza pribatua. Irudia: EiTB Media

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arroiabeko (Araba) San Frantzisko Xabier egoitza pribatuari 660.000 euroko isuna jartzea eskatu dute: 600.000 euro adinekoak arrazoirik gabe lotzeagatik (arau-hauste oso larria) eta 60.000 euro covid-19aren aurkako protokoloak ez betetzeagatik (falta larria).

diario.es-ek jakitera eman duenez, Arabako Foru Aldundiaren ikuskaritza zerbitzuak bi zehapen-espediente zabaldu dizkiete zentroko arduradunei, iragan azaroan egindako bisitetan atzemandako irregulartasunengatik. Bestalde, egoitzako jabeek zentroa ixteko asmoa agertu dute.

Egoitzan koronabirus agerraldi bat izan ondoren egin zituzten bisitak ikuskatzaileek. 12 adinekoetatik 9 kutsatu ziren; baina guztiak bakartu behar zituzten harreman estuak zirelako.

32 irregulartasun

Osasun protokoloan 32 irregulartasun aurkitu zituzten Aldundiko arduradunek aurreneko bisitan, larriena “sukarra zuen adineko bat lotuta izatea”. Nahiz eta covid-19 agerraldia izan, zentroak “goizean bi langile, beste bi arratsaldean eta gauean bakarra ratioa mantendu” izana kritikatu dute ikuskatzaileek.

Ezusteko bigarren bisitan, lanean bi zaintzaile bakarrik aurkitu zituzten, adinekoak “egoki zaintzeko nahikoa ez”. Adineko batzuk “logelatik kanpo, zonalde komunean” topatu zituzten, nahiz eta bakarturik egon behar. Gainera, emakume bat “sabeletik lotuta” zuten, bere logelatik ez ateratzeko.

diario.es-en arabera, adinekoak lotzeko “jarraibide medikorik ez” dagoela esan zioten ikuskatzaileek zuzendaritzari, “justifikaziorik gabeko” erabakia, beraz, “behargin faltaren” ondorio. “Laguntza edo ikuskapen zuzena”, planteatu zuten Aldundiko ikuskatzaileek, baina hirugarren bisitan jokamolde berdina zela egiaztatu zuten.

Aldundiak bi zigor proposamen egin ditu, bat “larria” covid-19ari aurre egiteko neurri nahikorik ez izateagatik (12.000 eurotik 60.000ra), eta beste bat “oso larria” justifikaziorik gabe adinekoak lotzeagatik (60.001 eurotik 600.000ra).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa Euskadiko adinekoak Gorbeialdea gaur