Gizartea -

GARRAIO PUBLIKOA

Bilboko metroak 55.987.465 bidaiari eraman ditu 2020an, 2019an baino % 61,14 gutxiago

Covid-19ak sortutako egoerak eragin handia izan du metroan, eta txartelak salduta aurreko urtean baino ia 23 milioi euro gutxiago lortu ditu.

Bilboko metroa. Argazkia: EFE
Bilboko metroa.
Bilboko metroa. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020ak hautsi egin du Metro Bilbaok 2016tik etengabe izan duen goranzko joera. 55.987.465 bidaiari eraman ditu 2020an, aurreko urtean baino % 61,14 gutxiago.

Urtea oso modu onean hasi zen arren —otsailera arte metatutako bidaia kopurua aurreko urteko aldi horretakoa baino % 1,7 handiagoa izan zen—, martxoan, alarma-egoera bete-betean, metroan ohi baino askoz datu baxuagoak erregistratzen hasi ziren, mugikortasuna nabarmen murriztu zelako.

Apirilaren 5ean, igandean, Bilboko Metroak minimo historikoa izan zuen: 9.297 bidaiari egun batean. Urteko maximoa, berriz, otsailaren 6an, ostegunean, izan zen, San Mamesen Athletic eta Bartzelona taldeen arteko futbol partida jokatu zen egunean: 339.517 bidaiari egun batean.

Lanegunetan, bidaia-kopurua orduz ordu neurtuta, aurreko urtean izandako bertsua izan da, baina bezero gutxiago izan ditu; puntako orduak 08:00ak eta 14:00ak ingurukoak izan dira.

Sareko geltoki erabilienei dagokienez, rankingeko lehen postuetan aurreko urteetako geltokiak ageri dira, baina bidaia-kopuruak nabarmen egin du behera, gainerako datuek bezala. Zazpikaleak izan da geltokirik erabiliena, Indautxu, Moyua eta Santimami atzetik dituela.

Lineei dagokienez, Ezkerraldearekin lotzen duen 2. linea izan da erabiliena, balidatu diren txartelen % 41,77 linea horretan balidatu baitira. Ondoren, Bilboko erdigunetik igarotzen den tarte komuna (% 28,93) eta Uribe Kostatik pasatzen den 1.linea (% 25,12) ageri dira sailkapen horretan.

Emaitza ekonomikoei dagokienez, guztiz itxita ez egon arren, estaldura-indizea % 57,17koa da, txartelak salduta aurreko urtean baino ia 23 milioi euro gutxiago eskuratu ditu. Beste kontzeptu batzuek, publizitateak gehienbat, eragindako diru-sarrerak ere murriztu dira, aurreko urtean baino 580.000 euro (% 27) gutxiago lortu baititu horien bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Metro Bilbao Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Garraio publikoa