Gizartea -
KORONABIRUSA
Euskadik Osakidetzako profesionalentzako lehen txertoak jarri ditu
EAEra iritsitako Modernaren lehen dosiak dira. Kasu horretan, txertoaren prestakuntza ezberdina da Pfizerrenarekin alderatuta.
A. S. | EITB MEDIA
Euskadik covid-19aren aurkako lehen txertoak eman dizkie Osakidetzako profesionalei. Lehen dosiak Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean jarri zaizkio Gurutzetako, Basurtuko eta Urdulizko lehen lerroko profesionalei. Aurreikuspenen arabera, datozen egunetan txertaketak jarraituko du Osakidetzako gainerako erakundeetan, Moderna txertotik jasotako dosien erdiarekin, hau da, 700 dosirekin.
Talde horren txertaketak pixkanaka eta mailaka jarraituko du, txertoen dosien eskuragarritasunaren arabera, bai Modernaren bai Pfizerren kasuan. Txertaketa hori adinekoen egoitzetako txertaketa-prozesuarekin batera egingo da, bai egoiliarrei, bai profesionalei.
Modernaren txertoa Osakidetzako osasun-langileei emango zaie. Bi dosi behar dira eta bereziki eraginkorra da 65 urtetik beherako pertsonentzat. Datozen egunetan, Osasun Sailak 700 osasun-langileri jarriko die txertoa, jaso dituzten 1.400 txertoekin.
Txertaketa-irizpideei dagokienez, lehentasuna izango dute covid gaixoekin, arnasteko zailtasunak dituztenekin, gaixo infekziosoekin eta barne-medikuntzarekin zuzeneko harremana duten osasun-langileek, baita adinean aurreratuagoak diren langileek ere.
Zehaztu dutenez, lau aste barru Gurutzetako ESIko 7.000 langileak txertatuta egotea espero dute.
Modernaren 1.400 dosi
EAEk koronabirusaren aurkako txertoaren 1.400 dosi jaso zituen asteazkenean, autonomia erkidegoak datozen asteetan jasoko dituen 24.900 dosien lehenengo sorta.
Legebiltzarrean atzo egindako agerraldian Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu zuenez, 65 urtetik beherakoentzat bereziki eraginkorra da txerto berri hau; beraz, ez zaie adineko pertsonei emango, Euskal Osasun Zerbitzuko profesionalei baizik.
Pfizerren kasuan bezala, Modernaren txertoak ere bi dosi behar ditu. Azken kasu horretan, bigarren dosia lehenengoa eman eta 28 egunera jaso behar da. Pfizerren kasuan, berriz, 21 egunera.
Kezka adinekoen egoitzetan
Bien bitartean, okerrera egiten jarraitzen du Bizkaiko adinekoen egoitzetako egoerak. Marcelo Gangoiti (Muskiz), Truiondo (Zamudio) eta La Misericordia (Bilbo) egoitzetan izan diren azken agerraldien harira, guztira 300 kasu gehiago izan dira. Azken orduetan lau pertsona hil dira.
Gaur goizean goizetik Bizkaiko Foru Aldundia baheketa prebentiboa egiten ari zaie Durangaldea eta Lea-Artibai eskualdeetako adineko pertsonentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako 25 zentro soziosanitarioetako, egoitzetako eta eguneko zentroetako langileei.