Gizartea -

2021-2022 IKASTURTEA

Zabalik da HH, LH eta DBHrako aurrematrikulazio kanpaina, 2021-2022rako

Epea urtarrilaren 29ra arte egongo da zabalik Euskal Autonomia Erkidegoan. Izen-ematea ikastetxeetan bertan edo Internet bidez egin ahal izango da.

Pedrosa eta Bildarratz, matrikulazio kanpainaren aurkezpenean. Argazkia: Irekia
Pedrosa eta Bildarratz, matrikulazio kanpainaren aurkezpenean
Pedrosa eta Bildarratz, matrikulazio kanpainaren aurkezpenean. Argazkia: Irekia

O.A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gaur, astelehena, zabaldu du 2021-2022 ikasturterako aurrematrikula egiteko epea, Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzako (HH), Lehen Hezkuntzako (LH) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikastetxeetan. Urtarrilaren 29ra arte egongo da epea irekita.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragan astean aurkeztu zuen kanpaina, Bilbon, Begoña Pedrosa sailburuordearekin batera, "Euskal eskola publikoa: nirea, zurea, denona" lelopean.

Izen-ematea bi modutan egin ahalko da: lehen aukera gisa hautatutako ikastetxean bertan edo Internet bidez Hezkuntza Sailaren webgunean. Dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztu ahalko da.

Ikasgunea atariak informazio praktikoa eskaintzen die familiei; ikastetxeen bilatzaile bat egongo da bertan, eta familiari ikastetxe bakoitzean hurbiltasunagatik dagozkion puntuak erakutsiko ditu.

Aurrematrikula prozesuari ekiteko prest daude jada EAEko 700 ikastetxe (454 publiko, % 65). Seme-alabak lehen aldiz matrikulatuko dituzten gurasoek 541 ikastetxe izango dituzte aukeran bi urteko haurrentzat (333 publiko, % 62), eta 542 ikastetxe Haur Hezkuntzako bigarren zikloko umeentzat (335 publiko, % 62). Bestetik, Lehen Hezkuntza 533 ikastetxetan eskainiko da (332 publiko), eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskainiko dutenak, aldiz, 327 izango dira.

12 ikastetxeko zerrenda

Dena den, Uriarte sailburuak gogora ekarri ditu iaz indarrean sartu ziren aldaketa nagusietako batzuk, aurten ere indarrean jarraitzen baitute.

Familiek gehienez ere 12 ikastetxe hauta ditzakete, lehentasunaren araberako hurrenkeran. Eskaera guztiak jasotakoan, ikastetxe bakoitzak izan dituen eskaera guztiekin zerrenda bat egingo da, edozein dela ere lehentasunen ordena, eta baremo nagusi bakarra egingo da.

Iaz gertatu bezala, familia ugariek ez dute baldintza hori egiaztatzen duen dokumentaziorik aurkeztu beharko, Hezkuntza Saila arduratuko baita egiaztapen hori egiteaz.

Halaber, sare publikoko Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHrako jauzia egiten duten ikasleek ez dute eskaera egin beharko. Hori horrela izango da familiek euren Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoari atxikitako institutu publikoa hautatzen badute, eta hizkuntza eredu berean jarraitu nahi badute. Atxikitako institutu bat baino gehiago dituzten Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen kasuan ere, familiek eskaera egin beharko dute.

Urtarrilaren 29an izen-ematea amaitutakoan, otsailaren 16an eskatzaileen zerrendak argitaratuko dira, martxoaren 9an behin-behineko zerrendak eta martxoaren 23an behin betikoak. Errekurtsoak aurkezteko epea, ordea, apirilaren 23ra arte egongo da zabalik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Eskola Publikoa albisteak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Hezkuntza sistemako albisteak Umeak azken ordukoa