Gizartea -
Erreskatea Urkiolan (Bizkaia)
Anboton galdutako 30 urteko mendizalea onik aurkitu dute
Mendizalea 1.100 metrora harrapatuta zegoen. Larrialdi zerbitzuek aurkitzeko dispositiboa baldintza oso zailetan eraman dute aurrera elurragatik eta izotzagatik.
E. L. | EiTB Media
Anboto mendian galdutako mendizalea onik topatu dute larrialdi zerbitzuek gauean, Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez.
15:00ak aldera 30 urteko mendizaleak galduta zegoela esan eta menditik jaisteko laguntza eskatu du.
Aurkitzeko dispositiboa baldintza oso zailetan eraman dute aurrera elurragatik eta izotzagatik.
Ertzaintzako mendi erreskate taldeko kideek, suhiltzaileek eta Gurutzeko Gorriko boluntarioek parte hartu dute erreskatean.
Mendi erreskateko bi taldek hartu dute parte lanetan, eta bigarrenak aurkitu du mendizalea. Horretarako, aurreneko taldeak garbitutako bide bat aprobetxatu du 21:45 aldera.
Erreskate "zaila" izan behar zuela eta denbora" beharko zutela ohartarazi du Ertzaintzak. Bizkaiko mendi ezagunean, 1.331 metroko harkaitzean, baldintza zailak ziren.
Ertzaintzaren mendiko taldea, Bizkaiko Gurutze Gorriaren laguntzarekin, Anbotoko tontorrera bidean jarri da Atxondoko ibilbidetik ('kilometro bertikala' bertan egiten da). Mendizalea bertan zegoen, ez Urkiolako ohiko igoeran, Pol-pol iturrikoan, alegia.
Non dagoen bazekiten ere, erreskatea ez zen erraza, elur-jausien beldur ziren, eta ezin ziren berarengana heldu.
Hortaz beste leku batetik hurbiltzen saiatu dira.
Mendizalea 1.100 metrora harrapatuta zegoen.