Gizartea -

Garraioa

Madrilerako trenak eta hegaldiak bertan behera geratu dira elurragatik

Barajasko aireportua itxita, bertan behera utzi dituzte Euskal Herrirako hegaldiak. Madrilera heldu eta bertatik irten behar diren tren guztiak bertan behera utzi ditu Renfek igande eguerdira arte.

Madrilgo metro geltoki bat, elurtuta. Argazkia: EFE
Madrilgo metro geltoki bat, elurtuta.
60 zentimetrorainoko geruza eta arazo ugari sortu ditu elurrak Madrilen

1:50

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Filomena borraskak sortutako elur ekaitzaren ondorioz, bertan behera geratu dira Euskal Herria Madril eta Bartzelonarekin lotzen duten trenak eta Madrilgo aireporturako hegaldiak.

Larunbatean Madrilera heldu eta bertatik irten behar ziren tren guztiak bertan behera utzi ditu Renfek, elurra eta hotzagatik. Neurri horiek Euskal Herritik etorritako tren bidaiei eragin die, eta gutxienez igande eguerdira arte egongo da indarrean. Gainera, Renfek Madrilgo aldiriak ere bertan behera utzi ditu.

Gainera, Bartzelona eta Donostia eta Bartzelona eta Bilbo arteko distantzia luzeko trenak ere bertan behera uztera behartu du eguraldi txarrak, Adifek esan duenez.

Aldirietako trenak normaltasunez ari dira ibiltzen Bilbon eta Donostian.

Bestalde, Madrilgo Barajas Adolfo Suarez aireportuak larunbateko operazio guztiak gelditu ditu, elur ekaitzak ikuspenari eta plataforma eta pisten egoerari eragiten dielako. Ondorioz, Bilbotik, Donostiatik eta Iruñetik irten beharreko hegaldiak bertan behera utzi dira.

AENAk Twitterren esan duenez, segurtasuna bermatzeko hartu dute aireportua ixteko erabakia, eta bidaiariei hegaldien egoera airelineekin kontsultatzea gomendatu die.

Jose Luis Abalos Garraio eta Mugikortasuna ministroak esan duenez, Barajasen normaltasuna itzultzea "baldintza meteorologikoen araberakoa" izango da, eta ordu honetan "argi dago ez dagoela aukerarik" horretarako. "Gauean pistaren bat prestatu ahal izateko aurreikuspenarekin lan egiten ari gara", esan du Abalosek.

Atletico-Athletic, elurragatik bertan behera

Elurtearen eraginez, Athleticen hegazkinak ezin izan zuen atzo Barajasen lur hartu, eta Bilboko taldea Bizkaira itzuli behar izan zuen. Ligak azaldutakoaren arabera, "denboraleak eragindako ezohiko egoeraren" eta "zelaia baldintza egokietan izateko arazoen" ondorioz gaur arratsaldean Madrilen jokatzekoa zen Atletico Madril-Athletic partida atzeratu egin dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bilbo Donostia Iruñea Bartzelona Gizartea Elurra Eguneko albisteak Albisteak Madril Ekaitzak Hotz bolada gaur Garraio publikoa