Gizartea -

Denboralea

Elurteei aurre egiteko plana aktibatu dute Iruñean, larunbateko iragarpena dela eta

Elurra kentzeko hiru kamioik eta lur orotako bost ibilgailuk gatza botako dute Iruñean, eta lantalde bat espaloiak garbitzeaz arduratuko da.

Iruñea elurtuta. EFEren artxiboko argazkia
Iruñea elurtuta
Iruñea elurtuta. EFEren artxiboko argazkia

L.Z. | EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Udalak diseinatutako Elurteei Aurre egiteko Plana aktibatuko dute larunbatetik aurrera Nafarroako hiriburuan, hiriko kaleetan izotza eta elurra pila ez dadin.

Horretarako, meteorologo bat eguraldiaren iragarpena aztertzen arituko da uneoro, neurri batzuk edo beste ezarri eta denboraleari behar bezala aurre egin ahal izateko.

Gainera, elurra kentzeko hiru kamioi eta lur orotako bost ibilgailu arduratuko dira kalean gatza botatzeaz, eta espaloiak garbitzen jardungo duen lantalde bat ere izango da.

Istripuak eta erorikoak saihesteko aholkuak

Izotz eta elur denboralea dela eta, Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko sailetik kontuz ibiltzeko gomendatu diete herritarrei, erorikoak eta istripuak gerta ez daitezen. Bereziki, adinekoei zuzendu diete mezua. Hobe beharrez, etxean geratzea aholkatu diete.

Halaber, elurra eta izotza dagoenean gidatzeko ohiturak aldatu behar direla gogorarazi die ibilgailua hartzeko asmoa duten guztiei. Kalean pilatutako izotz edo elurraren ondorioz, autoa eroatea ohi baino arriskutsuagoa izan daitekeela ohartarazi du Udalak, arretaz gidatzeak duen garrantzia azpimarratuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Denboraleak Eguraldia Gizartea Elurra Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Udala