Gizartea -
Prebentzio-neurriak
Herritarren % 99k musukoa erabiltzen du egunerokoan
% 6k aldi bakarreko musuko bera erabiltzen du egunero; eta % 9k astean behin bakarrik aldatzeko ohitura du, osasun-gomendioei muzin eginez.
Eitb media
Herritarren % 99k musukoa erabiltzen du egunerokoan, koronabirusaren ondorioei buruz Ikerketa Soziologikoen Espainiako Zentroaren (CIS) abenduko barometroak egin duen azterlanaren hirugarren atalaren arabera.
Ikerketa abenduan burutu zuten, 2.084 pertsonekin.
Pertsona horien % 6ak berriro erabili daitezkeen musukoak erabiltzen ditu, beti bera erabiltzen du. Bestetik, ia % 20k adierazi du astean zehar bederatzi musuko baino gehiago erabiltzen dituela.
Aitzitik, eta osasun gomendioei muzin eginez, %6k aldi bakarreko musuko (kirurgikoa) bera erabiltzen du egunero, eta % 9k astean behin bakarrik aldatzen du.
Musukoaren erabilera-denborari dagokionez, inkestatuen gehiengoak (% 20) adierazi du bizpahiru orduz erabiltzen dituela, leku publikoetan edo lanean, batik bat. Ostera, % 8k 10 orduz edo gehiagoz erabiltzen du aldi bakarreko musuko bakarra.
Beste alde batetik, inkestak aditzera eman du % 94k gel hidroalkoholikoa erabiltzen duela eskuak desinfektatzeko, prebentzio-neurri gisa.
Halaber, % 95ek baieztatu du osasun-agintariek gomendatutako segurtasun-distantzia mantentzen duela, eta eskuak maiz garbitzen dituela etxean edota beste lekuetan sartu edota irteterakoan.