Gizartea -
KORONABIRUSA
Nafarroak 182 positibo berri atzeman ditu
Azaroaren 13tik zenbatutako kasu kopuru handiena da. Positibotasun tasa apur bat igo da: % 6,6tik % 6,8ra.
E.G. | EITB MEDIA
Kasuak goraka Nafarroan. Ostegun honetan 182 kutsatze berri atzeman dituzte 2.666 proba (PCR eta antigenoak) egin ostean, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Bezperan baino 43 kasu gehiago dira, eta azaroaren 13tik zenbatutako kopururik altuena (orduko hartan 209 kutsatze izan ziren). Positibotasun tasari dagokionez, ordea, igoera ez da horren handia izan: % 6,6 izatetik % 6,8ra igaro da.
Kasu gehien pilatu dituzten gune edo udalerriei dagokienez, Tutera da zerrendan aurrena, 12 kutsatzerekin; ondoren dator Viana, bederatzirekin. Iruñeko Mendillorri eta Azpilagaña auzoetan zortzina positibo zenbatu dituzte.
Baheketa masiboa amaituko dute Erriberrin
Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak baheketa masiboarekin jarraituko du gaur Erriberrin, azken egunetan koronabirusaren eraginak nabarmen gora egin duela atzeman ostean.